Eusko Jaurlaritza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa bere gain hartzekoa da datorren urriaren 1ean, eta horrek euskal presoen etxeratzea «asko» azkartu dezakeela uste du Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek. «Baina praktikan ez dakigu nola gauzatuko den. Ikusteko dago». Patricia Velez Etxerat-eko eledunak ere «zuhurra» izan nahi du adierazpenetan. Nolanahi ere, itxaropentsu ere badaude, gero eta euskal preso gehiago lekualdatzen ari direlako Espainiako Espetxe Erakundeak Euskal Herriko espetxeetara. Presoen eskubideen aldeko plataformakoa eta euskal presoen senideen elkartekoa Hamaika Gara dinamikak eta Berria-k antolatutako Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak mahai inguruan mintzatu dira, gaur, Ion Telleria kazetariaren gidaritzapean.
2018an Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatua izan aurreko zortzi urteak «inmobilismo mingarri batek» ezaugarritu zituen, Velezen esanetan. Gogoratu du Sanchezek adierazi zuela, Moncloara iritsi berritan, salbuespenezko espetxe politika bukatuko zuela —34 urte daramatza indarrean—. «Norabide onean doaz gauzak, baina ez dugu ulertzen zergatik ez dauden [euskal preso] denak Euskal Herriko espetxeetan». Biek nabarmendu dute azken hilabeteetan presoen eskubideei dagokienean emandako aurrerapauso garrantzitsuenetako bat izan dela ezarri izan dizkieten bakartzeak amaitzea. Gainera, lehen graduak «atzean uzteko atarian» dira, Oiarzabalen hitzetan: «Horrek irekitzen du salbuespen legedi batetik legedi arruntera igarotzeko atea».
Eta hain zuzen, salbuespenezko espetxe politika hizpide hartuta, datu batzuk plazaratu dituzte. Legedi arruntarekin, 168 presok «kalean» egon beharko luketela zehaztu du Velezek —«205 preso daude kolektiboan, horietako 50 Euskal Herrian»—, izan hirugarren gradua aplikatuta, edo baimenak baliatuta. «Legedi arruntak ematen du gizarteratzeko bide bat. Azken urteetan hori eten zaie euskal presoei». Sarekoak eta Etxerat-ekoak azpimarratu dute «gizarte zibilak» berak eskatu duela salbuespen legedia bertan behera uztea.
Herritarrak aipatuta, Oiarzabalek pentsatzen du adostasunak lortzerakoan instituzioek jokatu dutela «jendarteak» baino motelago: «Egokiena litzateke biak erritmo berean joatea eta elkar elikatzea». Nolanahi ere, Velezek gogoan izan du «ezer» mugitzen ez zen garaia.
Aurrera begira jarrita, gatazkaren kontakizunaz galdetu die Telleria moderatzaileak. «Zaila izango da kontakizun bakar bat edukitzea. Asko egongo dira eta denak onartu behar ditugu», esan du Sarekoak. Etxerat-eko kidearentzat, «elkar entzutea» lortu dute. «Hori ez genuen». Halere, ohartarazi du bakoitzak «bere prozesua» duela. «Batzuk punta batean daude, eta beste batzuk bestean».
Jaurlaritzak kudeatuko ditu Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak. Espektatibak «onak» dira Oiarzabalen arabera. «Gasteiztik [Jaurlaritzatik] askoz ere errazago kudeatu daitezke baldintzapeko askatasunak, gradu aldaketak, baimenak ...». Baina hori guztia egiteko eta «elkarbizitzarako», beharrezkoa da, Velezentzat, «gatazkak utzitako aztarna guztiak atzean uztea». Adibide bat, Oiarzabalek: «Espetxe politikak eragiten du sufrikarioa, eta horrekin ezin da elkarbizitza sano bat eraiki».
Zazpi solasaldi
Otsailetik atzo arte, burujabetzari eta erabakitzeko eskubideari buruzko zazpi solasaldi antolatu dituzte Hamaka Garak eta Berriak. Atzokoa azkena izan zen. Hainbat izan dira gonbidatuak ere, eta saio guztiak daude ikusgai BerriaTBn.