Denis Itxaso San Marko mankomunitetako presidente eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarako PSEren zerrendaburuak ñabardurak egin dizkio Markelo Olano EAJko hautagaiak joan den ostiralean egindako promesari. Olanok esan zuen ahaldun nagusi bada Zubietako errauste plantaren proiektua abiatuko duela berriro, tamaina egokituta bada ere.
"Nik ez dut esaten ezin zaiola berriro heldu, baina hori proposatzen duenak finantzaketa bermatuta egin behar du", nabarmendu du Itxasok. Gaineratu du errauste planta geratzeagatik 80 milioi euro ordaindu zaizkiela eraikuntza enpresa eta bankuei, eta horri ere aurre egin behar zaiola. Itxasok, horregatik, zalantzan jarri du orain "abiapuntura" itzul daitekeenik.
Itxasoren arabera, beste lurralde batzuekin akordioak bilatu behar dira azpiegitura handiagoak eraikitzeko, eragingarriagoak izan daitezen.
Hondakinen arazoa konpontzeko, Markel Olanok neurri zehatz batzuk jarri zituen mahai gainean: atez atekoa bertan behera uzten saiatuko dira "Gipuzkoa osoan", eta bosgarren edukiontzia bultzatuko dute; txipak jarriko lizkiekete zaborrontziei. Birziklatzen duten herritarrei hobariak ematearen alde egingo luke EAJko hautagaiak.