«Udalena da beren herrietan hondakinak nola bilduko diren erabakitzeko eskumen osoa. Mankomunitateek ezin dute oztopo izan horretan. Berak ondo baino hobeto daki hori». San Marko mankomunitateko presidente Ainhoa Intxaurrandietak (Bildu) hala erantzun die haren lekua hartuko duen Donostiako Udalaren ordezkari Denis Itxasok (PSE-EE) egindako adierazpenei. Itxasok herenegun esan zuenez, kargua hartzean atez atekoaren aurkako «eustorma» izango da. Intxaurrandieta oso kritiko azaldu da, halaber, EAJren jarrerarekin. Herritarren borondatea urratzea egotzi die jeltzaleei: «Alderdi abertzale bat kendu, eta PSE-EEren eta PPren esku utzi du mankomunitatearen ardura. Zergatik? Guk herritarren alde lan egin dugulako, eta ez enpresa handien alde. Markel Olanok Batu gaitezen zioenean, ikusi dugu zein bidaia lagun aukeratu dituen. Beldur diote zaborren arazoari konponbide bat topatzeari».
Herenegun jakinarazi zuen PSE-EEk «akordio politiko bat» egin zuela EAJrekin, Bilduri San Marko mankomunitateko presidentetza kentzeko. Akordio horren arabera, Denis Itxaso izango da lehendakari berria. Itxasok hiru helburu jarri zituen kargura iristen denerako: atez atekoaren aurkako «eustorma» izatea, bosgarren edukiontzia zabaltzea eta San Marko zabortegia ixteko eta zigilatzeko lanak berehala hastea. Gainera, gogor kritikatu zuen Bilduk egindako hondakinen kudeaketa: «Denbora gehiago igarotzen bada, Bilduren kudeaketa eragiten ari den arazoak konponezinak izango dira. Guk gauzak argi ditugu, eta normaltasunera itzuli nahi dugu».
«Serio eta arduraz» lan egin dutela defendatu du Intxaurrandietak, eta gogorarazi du beren xedea Gipuzkoa «zero zabor bidean» jartzea izan dela. «Posible delako egin dugu, eta inork ez duelako errauste planta bat nahi bere herrian. Ziur gaude, gainera, ez dela egingo».
Urtebetean egin duten lana azaldu du Intxaurrandietak: «Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen garbigune bana eraiki dugu, eta martxan jarri dugu Donostian bigarren garbigune bat eraikitzeko proiektua. Urnietan, gainera, bosgarren edukiontzia jartzeko bideari ekin diogu». Horrekin batera, mankomunitatea osatzen duten udalerrietako enpresek hondakinak gaika bil ditzaten egin duten ahalegina ekarri du gogora. «Ordenantza berri bat egin dugu, eta hondakinak egoki bereizten dituzten enpresek onura ekonomikoak izango dituzte. 2.600 enpresak aukera izango dute horretaz aprobetxatzeko». Ordenantza urriaren 1ean jarriko da martxan.
Presidentetza kendu arren, lanean jarraituko dutela berretsi du Intxaurrandietak. «Herritarrek argi esan digute zero zabor lurralde bat nahi dutela».
Planari eutsiko dio Errazkinek
Juan Carlos Alduntzinen lekuahartu ostean, lehen agerraldia egin zuen atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak. Alduntzinek hasitako politikarekin jarraituko duela berretsi zuen, eta dei egin zien oposizioko alderdiei akordioak lortzeko. «Arazoa betikotzeko eta Bildu gastatzeko asmoz, zuek zarete zaborren kudeaketaren aitzakian arazo politiko bat sortu duzuenak. Guk dei egiten dizuegu akordioak lortzeko», esan zuen.
Errazkinek gogorarazi zuen Bilduk hauteskunde kanpainan hitzeman zuela errauste planta geratuko zuela, eta prebentzioaren, birziklatzearen eta berrerabiltzearen alde egingo zuela lan. «Programa hori betetzea dagokit niri».
Ukatu egin zuen, gainera, errauste planta ez eraikitzeak kostu ekonomikorik izango duela. «Alderantziz, guk proposatu dugun plana erdia kostatzen da. 198 milioi euro aurreztuko dira». Gainera, udalen eskumenak errespetatuko dituela defendatu zuen. «Ez ditugu behartuko 20 urtez azpiegitura bat ordaintzera».
Errazkinek aurreko diputatuaren planaren «fotokopia» defendatu zuela salatu zuen EAJko batzarkide Xabier Ezeizabarrenak. «Aurreko diputatua zentsura mozio baten bidez kendu, eta berriak berdina egiten badu, ulermen politikoko arazo bat dugu. Gai honetan ezker abertzale ortodoxoenaren tesiak ari dira nagusitzen Bildun. Ikur bat egin dute gai honetaz. Akordio bat nahi izan balute, batzar nagusietan aurkeztuko zuten planaren garapena».
Errauste plantaren lanak eteteagatik 2.611.271 euro ordaindu behar izan dira, Mikel Duran PSE-EEko batzarkidearen arabera. «Harrigarria da foru gobernuak datu horiei garrantzia kentzea. Hondakinen kudeaketari buruzko foru araua urratzen ari da».
Bilduk bere planak jasotzen dituen asmoekin jarraitzen badu, harago joan beharko litzatekeela esan zuen PPko Luis Murgiondok. «Ahaldun nagusiaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu beharko litzateke».
Errazkinen antzera, Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak akordioak lortzeko beharra defendatu zuen. «Ika-mikak alde batera utzi, etabenetako politika egiteko unea da. Jendea nekatuta dago eztabaida honekin».
Itxasori gogorarazi diote ezin diela atez atekoa jartzea oztopatu udalei
San Marko mankomunitateko presidente Ainhoa Intxaurrandietak esan du Gipuzkoa «zero zabor lurraldea» izateko egin dutela lanHondakinen kudeaketaz akordioa lortzera deitu ditu oposizioko alderdiak Errazkinek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu