Konfinamenduan ere, bakerik ez. Hirugarren pisuko disko jartzaile nekaezina, itxialdian komuneko zorua aldatzea erabaki duen gaineko bizilaguna, egongelan zumba egiten duena... Arartekoak ohar bat plazaratu du itxialdian etengabe jasotzen ari den kexa baten inguruan: norbere etxean jasan beharreko zarataren inguruan.
Musika eta obrak dira harrabots iturri nagusia, Manuel Lezertuaren bulegoak jasotako kexuen arabera. Adierazi duenez, itxialdia etxean lanak egiteko erabiltzen ari dira herritar asko.
Horrez gain, gatazkak pizten ari dira herritar batzuek musika gailuak ozen erabiltzen dituztelako eta “eragozpenak sortzen dizkietelako atseden hartu edo etxe barruan beren bizitza egin nahi duten” auzoei.
Alarma egoerak hainbat oinarrizko eskubide mugatu dituela gogoratu du Arartekoak, hala nola mugitzeko askatasuna, baina, nabarmendu duenez, “muga horiek ez diote eragin behar oinarrizko beste eskubide batzuk baliatzeari; esate baterako, bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea eta norberaren eta familiaren intimitaterako eskubidea”.
Arartekoak uste du auzoaren gehiegizko zarata etxean sartzeak norbere etxea bortxatzen duela, baldin eta “eragozpenak” sortzen baditu, pertsonen “bizi kalitatean” eragiten badu, eta “haien nortasuna aske garatzea galarazi edo zail” badezakete.
Etxean derrigorrean egon beharra dela eta, gehienezko mugak gainditzen dituzten zarata iturrien kontra herritarrak “eraginkortasunez babestu” behar direla adierazi du Arartekoak, eta horren inguruan dauden legeak gogoratu ditu.
Udalei esan die euren eskumena dela eremu hori. “Udalek, Udaltzaingoaren bitartez, zarata araudia zenbateraino betetzen den ikuska dezakete, eta zarata emisioek herritarren bizikidetza bermatzeko eska litezkeen parametroak gainditzen ote dituzten ebaluatu”. Gogoratu du parametro horiek gainditzea “arau-hauste administratiboa” izan daitekeela.
Gaineratu duenez, larrialdi egoera ezartzeko aginduak bertan behera utzi ditu hainbat etxeetako konponketa eta berrikuntza obra, “jarduera horrekin zerikusirik ez duten pertsonei COVID-19a kutsatzeko arriskua dagoen kasuetan”.
Bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubidea “bereziki garrantzitsua” dela gogoratu du Arartekoak, batez ere alarma egoera batean biztanleek etxean itxita egotea besterik ez dutenean.