Eguerdian, zabalik eta normal jarraitzen zuen Usurbilgo Aitzaga elkarte eta tabernak. Zehazki, tabernan, larunbat eguerdiko ohiko martxa nabari zen: jendea bazkal aurreko giroan pintxoak jaten.
Agerraldia egin dute elkarteko kideek, eta beren ohiko jardunarekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute. Hala, bihar bazkideen urteroko ohiko bazkaria egingo dutela agertu dute. Dena den, egoera berezia da, eta horregatik manifestazioa egingo dute aurretik.
Era berean, itxiera agindua konponbidea lortzeko traba dela nabarmendu dute; are eta gehiago, egungo egoera politikoa aintzat hartuta. "Kate amaigabe honetan gaur guri tokatu zaigu. Eta amaigabea daigo Auzitegi Nazionaleko autoan bertan beste itxiera agindu batzuk iragarriak daudelako. Hau dena gertatzen da konponbidearen premia hitzetik hortzera dabilenean. Gure ustez horrelako erasoak bide hori zabaltzeko oztopo izugarriak dira", esan du Arantxa Manterola elkarteko kideak.
Hala ere, gatazkaren konponbidean laguntzeko ahalegina egiten jarraituko dutela erantsi du Manterolak, eta horretarako elkartearen jardurekin normal jarraituko dutela.
Aitzaga elkartearen egoitzak hiru gune ditu: bilera lekua, taberna eta elkartea. Taberna pertsona bati alokatua dauka elakrteak. Horregatik, herenegun Jone Goirizelaia abokatuak Grande-Marlaska epaileari eskatu zion zehazteko zein den itxi beharreko guena. Manterolak atzo jakinarazi zuen epaileak ez duela elkartaren jarduera eten, eta beraz, lanean jarraitu ahal izango dutela.
Grande-Marlaskak Guardia Zibilari agindu zion elkartea ixteko, eta Ertzaintzari berriz guardia zibilak zeregin horretan ari diren bitartean haiek babesteko.
Politika
Itxiera aginduak konponbidea lortzeko traba direla oharrarazi dute Usurbilgo Aitzaga elkarteko kideek
Usurbilgo (Gipuzkoa) Aitzaga elkartea 2 urtez ixteko agindu zuen atzo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Grande-Marlaskak, Batasuneko hainbat kidek urtarrilaren 19an han bilera egin zutela argudiatuta. Nahiz eta Guardia Zibilari itxiera gauzatzeko eta Ertzaintzari haiek babesteko agindua eman, Aitzaga elkarteak eta tabernak zabalik jarraitzen dute gaur. Gainera, elkarteko kideek agerraldia egin dute komunikabideen aurrean, eta horrelako itxiera aginduak konponbidea lortzeko traba direla oharrarazi dute. Bihar manifestazioa eta bazkaria egingo dituztela iragarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu