Lege aldetik zerrendak sortzeko «zirrikituren bat» ikusiz gero, aurrera egingo du Gipuzkoako Diputazioak. Nahiko luke gainerako alderdien babesa ere izatea, Batzar Nagusietan aho batez onartu baitute azterketa egiteko proposamena. "Espero dugu ez dela izango itxurakeria hutsa".
Batzar Nagusiek aho batez eskatu dizuete aztertzeko zein aukera dauden iruzurgile handien zerrenda publiko bat osatzeko. Badirudi datuen babeserako legearekin egon daitezkeela arazoak, ezta?
Lehen urratsa izango da azterketa hori egitea. Gu, noski, zerrenda horiek sortzearekin ados gaude, eta lege aldetik zirrikituren bat badago, aurrera egingo dugu. Legezkotasuna da aurretiazko baldintza. Herrialde batzuetan publikatu egiten dira halako datuak; datuen babeserako legea ez da jartzen beste guztiaren gainetik, baina estatu espainiarrean badu pisua datuen babeserako legeak.
Zerrenda hori sortzeak zertan lagunduko luke?
Eraginkortasun aldetik ez luke hobekuntza handirik ekarriko; batez ere pedagogiaren aldetik lagunduko luke. Erakutsiko luke iruzurra jokabide okerra dela, eta herritarrek jakingo lukete nor ari den euren baliabideei eta erakunde publikoei iruzur egiten.
Zein joko litzateke iruzurgile handitzat?
Oraindik landu gabe dagoen zerbait da hori. Zerrenda publiko hori sortzea posible dela ikusiz gero, azterketa sakon bat egin beharko litzateke zein kasuistika sartu erabakitzeko. Izan litezke epai irmoa duten iruzur kasuak, kopuru handikoak.
Arrisku Bereziko Zergadunen Errolda dago gaur egun Gipuzkoan. Zein emaitza ari da ematen?
Errolda hori bere lana ari da egiten. Zerrenda horretan daude iruzur egin dezaketen zantzuak erakusten dituztenak. Egoera jakin batzuk daude zehaztuta, eta, egoera horretan dagoen pertsona bat edo izaera juridiko bat ogasunera hurbiltzen denean, detektatzen dugu aztertu beharreko kasu bat dela. Ogasunaren barne erabilerarako zerbait da, alerta bat.
Errolda hori sortzeari buruzko bozketan abstenitu egin ziren EAJ eta PP. Oraingoan ere, nahiz eta azterketa egiteko aho batez eskatu, gerta daiteke alderdiren batek ez babestea zerrenda eratzea?
Antzeko egitasmoak martxan jartzen saiatu izan garenean, berebiziko oztopoak jarri dituzte hainbat alderdik. Arrisku Bereziko Zergadunen Erroldan, esaterako, bermatzen zen datuen babeserako legea betetzen zela eta ogasunaren barne erabilerarako zela. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PPk ez zuten babestu. Espero dugu aste honetakoa ez dela izango itxurakeria hutsa eta, azterketa hori eskatu dutenez, aurre egiteko aukera badago babestuko dutela.