Abenduaren 15ean hasi zen Espainiako Auzitegi Nazionalean Egunkaria-ren aurkako epaiketa eta, bezperan, Andoainen (Gipuzkoa) Martin Ugalde Kultur Parketik Madrilera autobusean irtetean Joan Mari Torrealdai auzipetuak iragarri zuen: "Etorriko gara, eh; etorriko gara". Eta etorri dira; epaiketa bukatu eta hurrengo egunean ere etorri dira. Gaur.
15:00etan iritsi dira leku berera, Martin Ugalde Kultur Parkera, Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga Egunkaria-ren itxiera kasuko auzipetuak. Zain zituzten BERRIAko lankideak eta parkeko beste langile batzuk. "Ez genuen espero ongi-etorria", aitortu du Torrealdaik, bosten izenean. "Eskerrik asko". Dagoeneko bi hitz horiek "gastatuak" ere badituztela azaldu du, han eta hemen jaso dutelako babesa, noiznahi. "Ea ongi-etorri hau benetakoa den eta aurrera egiten dugun".
Senideekin eta lagunekin ez ezik, autobusean lore sorta batekin itzuli dira: atzo Madrilgo elkartasun taldeko kideek emandakoarekin.
Atzo gaueko hamarretan bukatu zen epaiketako azkeneko saioa, eta ondoren afaltzera joan ziren auzipetuak senideekin-eta.
Gustura joan ere, Miguel Angel Carballo fiskalak eta defentsak euren absoluzioa eskatu zutelako epaimahaiaren aurrean ondorioak irakurtzean, auzipetuen aurkako frogarik ez dagoela iritzita. Aldiz, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioek 12 eta 14 urte arteko kartzela zigor eskaerak egin dituzte auzipetuentzako, ETArekin lotura izan zutelakoan. "Argi geratu da letra gizonak garela, ez arma gizonak", adierazi zuen Torrealdaik atzo, azken hitza hartu zuenean. Epaiaren zain geratu da, beraz, epaiketa.
2003ko otsailaren 20an itxi zuen Guardia Zibilak Egunkaria, Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz, kazetak ETArekin lotura izan zuelakoan; zazpi urtera doa kontua. Javier Gomez Bermudez, Ramon Saez Valcarcel eta Manuela Fernandez epaileek osatzen dute auziko epaimahaia; eurekemango dute epaia. Ez dago datarik jarrita horretarako.
egunkaria auzia
Itzuli dira, iragarri bezala
Etxean dira berriro Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Martxelo Otamendi eta Xabier Oleaga 'Egunkaria'-ko auzipetuak. Harrera egin diete Martin Ugalde Kultur Parkeko langileek. "Ea ongi-etorri hau benetakoa den eta aurrera egiten dugun", esan du Torrealdaik. Atzo gauean amaitu zen epaiketa, eta epaiaren zain geratu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu