2011ko Ekobarometro Sozial eta Industrialaren balorazioa egiteko agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburu Pilar Unzaluk, sailburuorde Arantxa Leturiaondok eta Ihobeko zuzendari nagusi Fernando Barrenetxeak. Herritarrei egindako galderei so, bi ondorio azpimarratu ditu sailburuak. Alde batetik, EAEko gizarteak ingurumenaren kaltean duen erantzukizuna onartzen duela esan du. «Horrek esan nahi du herritarrek barneratu dutela ingurumen arazoen parte ere badirela». Galdeketan parte hartu duten herritar gehien-gehienek (%72) uste dute ingurumena babesteko ahaleginak egiten dituztela. Hala ere, %20k bakarrik uste dute ahalegin horiek eraginkorrak direla, eta %41ek ez dute sinesten ahalegin horiek balio dutenik.
Gaur egun, lautik batek natura zaintzeko ahalegin gutxi edo bat ere ez du egiten oraindik, inkestaren arabera. Bestalde, herritarrak hondakinak gaika sailkatzeko prest agertu arren, birziklatutako hiri hondakinen ehunekoa egonkortu egin da azken galdeketatik (2008). Horrez gain, herritar gehienak garraio publikoa gehiago erabiltzearen alde agertu arren, ibilgailu pribatuaren erabilera egonkor mantentzen da, eta igoera txiki bat ere izan du.
Unzaluk uste du dagoeneko ez dagoela ingurumen kalteen «errua» industriari egozteko joerarik. Barometroan parte hartu duten %55en ikuspuntutik, ordea, lantegiek segitzen dute ingurumen arazoen erantzule nagusi izaten, aurreko galdeketarekin alderatuta iritzi horretakoak gutxiago badira ere.
Industriaren azterketa
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ikertutako industriek ingurumenarekiko jokabidea hobetu dute, aurreko Ekobarometro Industrialarekin alderatuz. Enpresen %40k diote azken hiru urteetan ingurumenaren arloko hobekuntzak egin dituztela beren produktuetan, 2008ko galdeketan %12 baino ez ziren. Industrien herenek euren zerbitzuak «berdetu» dituzte, inkestak jasotzen duenez.
Dena den, enpresen bultzada ekologiko horren arrazoi nagusien artean ez dago ingurumenarekiko konpromisoa. Batik bat, ekoizpen prozesuan eragiten duen ingurumen arloko legediak (%41) eta kontsumitzaileen eskari ekologikoak (%39) eragin dute aipatutako aldaketa. Hortaz aparte, euskal enpresek adierazi dute euren esportazioen %60 inguru Europa erdialdera eta iparraldera bideratuta daudela, eta horrek ere lagundu duela ekoizpen irizpide ekologikoak ulertzeko modua aldatzen.
Izan ere, herrialde horietan kontsumitzaileek eta administrazioek enpresei ezartzen dizkieten ingurumen baldintzak Euskal Herrian eta Espainian izaten dituztenak baino zorrotzagoak dira. Horrela, euskal enpresek hauteman dute ingurumena errespetatzen duen ekoizpen mota bat lagungarri zaiela produktuak nazioartean merkaturatzeko. Lehiakortasuna bermatzeko bi helburu garrantzitsuenak kostuak gutxitzea (%52) eta produktibitatea (%45) dira, euskal enpresen iritziz. Azkenik, galdeketan parte hartu duten enpresaburuek eskatu dute ingurumen arloan egindako hobekuntzek aitorpen publiko handiagoa izatea.
Izadia zaintzen saiatzen dira %72 biztanle
Herritarren ingurumen portaera azaltzen duen txostena plazaratu du Jaurlaritzak; enpresen jarrera ere aztertu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu