Herri agintaritzetatik bakea eraikiz izena izango du urriaren 10ean eta 11n Aieteko jauregian eta Kursaalean Bakearen Aldeko Alkateak erakundeak egingo duen bake konferentzia. Erakunde horrek 5.712 alkate biltzen ditu, 157 herrialdetakoak, tartean Donostiaz gain, Gernika, Abando eta Muskiz, eta Hiroshiman (Japonia) egin berri du zortzigarren batzar nagusia. Han iragarri zuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak konferentzia. Vicente Zaragueta izango da ohorezko patronoa, Donostiako Udalaren webguneak aurreratu duenez.
Helburua, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Hiroshiman bertan iragarri zuenez, tokiko eremuetan nazioarteko esperientzien aniztasunetik herrien bakerako eskubidea errealitate izan dadin pausuak ematea da. "Besteen esperientzietatik ikastea tokiko eremutik eta herri mugimendutik bakearen eraikuntzan parte har dezagun". Gatazken konponbide eta eraldaketako adituek hartuko dute parte.
BERRIAk atzo aurreratu zuenez, gonbidatuen artean daude, besteak beste, 23 hiritako alkateak eta udal ordezkariak: Dyarbakir (Kurdistan), Ramala (Palestina), Sahara, Belfast (Irlanda iparraldea), Durban (Hegoafrika), Bogota (Kolonbia), San Salvaldor (El Salvador), Habana (Kuba), Rosario (Argentina), Caracas (Venezuela), Mexiko DF, Montevideo (Uruguai), Oslo (Norvegia), Anberes (Flandria), Geneva (Suitza), Berlin (Alemania), Naoned (Nantes, Bretainia), Erroma eta Venezia (Italia), Londres (Ingalaterra), Edinburgo (Eskozia), Bartzelona (Herrialde Katalanak) eta Hiroshima (Japonia).
"Euskal Herria, bi estatutan kokatua"
Izagirrek atzo goizaldean hartu zuen hitza Hiroshiman: "Juan Karlos Izagirre naiz, Donostiako alkatea. Zuetako askok, ziur naiz, jakingo duzue non dagoen Donostia, Euskal Herrian. Euskal Herria Estatu Espainiarraren Iparraldean eta Estatu Frantsearen hegoaldean kokatua da", esanez hasi zuen hitzaldia.
Izagirrek gogora ekarri zuen 2011ko urrian Donostian egin zen nazioarteko konferentzia, eta han parte hartu zutenak: NBEko Idazkari nagusi ohi Kofi Annan, Jonathan Powell, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gro Harlem eta Gerry Adams, besteak beste. "Haiekin batera izan ziren Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial gehienak, eta, zailtasunak zailtasun, aurrera egin nahian dabilen bake prozesu bati hasiera eman genion".
Gizartearen eraldaketa
Izagirrek azaldu zuen gatazkak ez direla "bake akordio hutsekin edo hirugaren herrialderen baten parte hartze hutsarekin" konpontzen. Azpimarratu zuen beharrezkoa dela tokian bertan akordioak gauzatzea, eta bakeak beharrezkoa duela indarkeriak erasandako gizartearen eraldaketa.
"Bestelako esperientziak ezagutu ahal ditugu eta ezagutarazi behar ditugu. Hausnarketa eta elkarrizketa sustatu ahal ditugu eta sustatu behar ditugu. Elkarbizitza ekimenez sustatu ahal dugu eta sustatu behar dugu", adierazi zuen. Izagirrek hitzaldia amaitu ondoren, hainbat ordezkari hurbildu zitzaizkion zorionak ematera, entzuleek atseginez hartu baitzuten alkateei gatazken konponbidean eman nahi zaien papera.