politika

Izagirrek "prozesuan aurrera egiteko borondatea izateko" eskatu dio Espainiako Gobernuari

Catalunya Radio irratiak elkarrizketa egin dio Izagirre Donostiako alkateari; Euskal Herriko gatazka konpontzeko prozesuaz eta udal politikagintzaz aritu dira.

2011ko abuztuaren 10a
18:53
Entzun

Catalunya Radio irratiak Donostiako alkate Juan Karlos Izagirreri elkarrizketa egin dio. Izagirrek, alde batetik, Euskal Herrian martxan den prozesuan aurrera egiteko borondateaz hitz egin du, eta, bestetik, Donostiako udal politikagintzaz aritu da.

Kazetariaren hainbat galderari erantzunez, Izagirrek esan du gatazka konpontzeko prozesuan aurrera egiteko “borondate osoa” duela, eta Gernikako Akordioa jarri du bide horretako tresna garrantzitsu gisa. Ohartarazi du orain Espainiako Gobernuak hasi behar duela betetzen akordio horretan aipatzen diren oinarrizko neurriak, ilegalizazio eta errepresio politikak amaituz, besteak beste. Presoak gerturatzeak izan lezakeen esanahiaz galdetu diotenean, Bilduko alkateak erantzun du presoak hurbiltzea “justizia egitea” litzatekeela eta neurri hori ere Gernikako Akordioaren barnean aipatzen dela.

Joan den astelehenean ETAk hildako Joxe Mari Korta enpresaburuari egindako omenaldian Bildu egon izana hizpide hartuta, Izagirrek esan du bere ustez “egoera ideala” kolore guztietako biktimen omenaldia litzatekeela, alderdi guztietako kideen presentziarekin. Baina gehitu du egoera oraindik “oso zaila” dela eta gogoratu du badirela oraindik “agurra ukatu” egiten dieten politikariak.

Donostiako udal politikagintzaz ere hitz egin du Izagirrek. Aste Nagusirako antolatutako manifestazio eta ekitaldien polemikari buruz galdetutakoan, esan du beraiek ez direla inor adierazpen askatasunaren aurka egiteko eta “edozein manifestazio” egonda ere, “bakean egindako eta jendeak gozatuko dituen” jaiak nahi dituztela. Horretaz gain, hiriarentzako dituzten hainbat proiektutaz ere hitz egin du, eta esan du “pertsonen aldeko” udal proiektuak garatu nahi dituztela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.