Nafarroan ez dira erabat desagertu uholdeak, baina hasiak dira horien kalteen inguruan pentsatzen bai Nafarroan eta bai Urumeako arroan. Igandean, ura kentzeko lanei ezin zieten ekin Tuteran eta Buñuelen, Ebroren emaria motel ari zelako gutxitzen.
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak, ordea, gaur eztabaidatuko du ea txosten bat eskatzen duen, argitzeko administrazio bakoitzak duen eskumena ibaien ur emaria kontrolatzeko eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko.
Donostiako Udalak, berriz, Juan Karlos Izagirre alkateak eta Krisi Mahaiko kideek, uholdeen lehen balorazioa egin dute. Izagirrek aitortu du oraingoz ez dagoela kalteen zenbatekoaren kalkulu ofizialik, baina uste du aurtengo denboraleak eragindako kalteak 2011koak baino urriagoak izango direla. 2011n, 5,5 metroko altuera hartu zuen Urumeak Martutenen, eta aurten, berriz, 4,9 metrora heldu da gehienez.
Jakinarazi dutenez, 350 pertsona inguru aritu dira lanean uholdeei aurre egiteko. 338 kalean —udaltzain, suhiltzaile, osasun zerbitzu eta abarrak— eta Krisi Mahaitik erabakiak hartzen eta koordinazio lanetan aritu direnak.
Perituak asteon hasiko dira uholdeek Martutenen, Txominen, Astigarragan eta Hernanin eragindako kalteak neurtzen.