Babestutako testua

Izan gaitezen

Lorea Agirre.
2012ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Izan paperezko, izan uhinezko, izan ikus-entzunezko, izan sareko. Izan herriko, izan eskualdeko, izan nazio mailako. Izan informazio orokorreko, izan musikako, izan ekonomiako, izan umeentzako edota gurasoentzako, izan bertso zaleentzako, izan gozozaleentzako, izan zientziako, izan pentsamenduko, izan umorezko, izan zinemako, izan ehiztarientzako, izan dekorazioko, izan eskolako. Izan segunduroko, izan eguneroko, izan asteroko, izan hilabeteko, izan urteroko. Izan.

Izan, hedabideak beharrezkoak dira hizkuntza bide bidezidor errepide eta autopista zahar eta berrietan abia arazteko. Izan asfaltozko, izan goroldiozko, izan hodeiezko. Beharrezko dira hiztunak, itxitura eta atakak ireki, eta bide horietan barrena bidaian abiatzeko, eta bidean elkar ezagutzeko, eta talde egiteko eta etxeko sentitzeko. Beharrezko dira munduari begiratzeko modu bat izateko: teilatu eta ispilu, geure buruarentzat; leiho, geure begientzat; ate, inguruan ditugunentzat.

Izan ere, hedabide guzti-guztiak izan mundu berekoak dira. Euskararen mundukoak. Izan txiki izan erraldoi, izan txokoko izan erdiguneko, izan mendiko izan araneko izan itxasoko. Denak dira beharrezko, denak elikatzen dute elkar, denak behar dira hizkuntzak eta hiztunek izaten jarraituko badute.

Hedabideak, euskarazko hedabideak funtsezko dira gizarte eta kulturako ekimen guztiak ezagutu zabaldu ezagutzera eman balioztatu eta indartzeko. Esan ohi da zabalkunderik ez duen kultura ez dela kultura, elkar ezagutzen ez dutenak ez direla talde, elkar elikatzen ez direnak ez dutela etorkizunik. Euskarazko hedabideak herrigintza dira. Gugintza. Izan, izatea bermatzen laguntzen duten hitzezko lur baten zutabeak dira.

Hedabide asko egoera makurrean daude: batzuk paperaren krisiak harrapatu dituelako, askori diru iturriak apaldu zaizkielako, gehienak krisi ekonomikoak azpian hartu dituelako eta ia denei laguntza publikoak gutxitu zaizkielako, eta batzuri baita ukatu ere. Bakarra desagertzea denen galera da. Denona. Batzuk desargertu dira dagoeneko, eta askoren iraupena arrisku bizian dago.

BERRIA egunkariarena, kasu. Etorkizunean izan izango bada gaur lagundu behar da, euskarazko hedabideak ez daitezen gal, sendotu baizik, eta horrekin euskararen mundua izan izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.