Izaskun Bilbaok dio Europak urratsak egingo dituela su-etena «argia» denean

Zapaterok eta Sarkozyk batzarra egin dute Parisen, ETAk su-etena iragarri zuenetik lehenengoa

Erredakzioa
2011ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Europako Batasunak bake prozesuan lagundu dezake, baldin eta ETAk indarkeria behin betirako uzten duela iragartzen badu. Halaxe adierazi du Izaskun Bilbao EAJko europarlamentarioak, ETBn egin dioten elkarrizketan.Adierazi duenez, Europako Batasunak ETAren su-etena «argia eta behin-betikoa» denean jakinaraziko du bake prozesuaren inguruan duen jarrera, baina, hori gertatu arte ez du urratsik egingo. Bilbaoren ustez, «premiazkoa» da ETAk indarkeria betirako uztea, Europako erakundeek bake bidean lagundu ahal izateko. Areago, ziur da Europako Batasunak bake prozesuari «sostengua» emango diola, baldin eta ETAk urratsa egiten badu.

EAJko europarlamentarioak jakinarazi duenez, ETAren meniari buruz iritzia ematekoagerraldia egin asmo zuen Europako Parlamentuan, baina erakundeak hitza ukatu egin zion. Adierazi duenez, bertan azaldu nahi zuen ETAren menia «aintzat hartu beharreko urratsa» dela, baina ez dela espero zen adierazpena. Bilbaoren esanetan, Europa prest legoke bake bidean ekimena hartzeko, bainahorretarako «baldintzak» egon behar dira, eta ETAk «nahikoa da» aldarrikatu behar du. Gainera, ezker abertzalearen legeztatzea ez dela zertan ETAren erabakien ondorio izan behar azpimarratu du.

Europako erakundeek bake prozesuan parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Bilbaok, eta Ipar Irlandan sortutakoPeace programarenantzeko ekimen bat eskatu du Euskal Herriarentzat. «Su-etenaren ondoren bakea eraiki behar dugu, baina ez da bakarrik etorriko. ETAk utzi egin duela esan dezake, baina gauza gehiago daude egiteko».

Europako erakundeek ez dute oraindik adierazpenik egin nazioarteko bitartekariek bake prozesuan joka dezaketen paperaren inguruan, baina EAJko parlamentarioak gogoratu du nazioarteko gatazka garrantzitsuenek «kanpoko laguntza» izan dutela.

Bilera, Eliseo jauregian

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak eta Nicolas Sarkozy Frantziakoak bilera egin zuten atzo, Parisen, Eliseo jauregian. ETAk su-etena eman zuenetik bi agintarien lehen batzarra izan zen. Ministroen Kontseiluaren bileraren ondoren abiatu zen Zapatero Parisera, eta ordu bete inguru bilduta egon zen Frantziako presidentearekin. Bilera amaitutakoan agerraldirik ez zuten egin Zapaterok eta Sarkozyk, baina horren ordez, ohar bateratua kaleratu zuten. Bereziki krisi ekonomikoa, politika energetikoa, berrikuntza eta euroaren egoera izan zuten hizpide bi agintariek, baina baita ETAren agiriaren ondoren Euskal Herrian sortu den egoera ere. Egoera horri buruzko diagnosi «bateratua» egin ez ezik, ETAren aurkako borrokan elkarlanean jarraitzeko asmoa ere azaldu zuten biek ala biek, oharraren arabera. ETAren su-etenaren osteko egoerari buruz hitz egindakoaz datu gehiagorik ez zuten eman.

Nolanahi ere, gaia bi gobernuen lehentasunen artean dagoela agerian utzi zuenherenegun Bruno Delaye Frantziako Gobernuak Espainian duen enbaxadoreak. Su-etenaren ostean Euskal Herrian sortutako abagune berria «bide onetik» joatea espero duela esan zuen. Halaber, ETAren egungo egoera Frantzia eta Espainiakoa gobernuen arteko elkarlanaren ondorio ere badela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.