Ez da denbora asko Izaskun Etxanizek bere malformazioen jatorria jakin zuela. "Amak pilula batzuk hartu zituen haurdun zegoela". Ezer egiteko, ordea, frogak behar ditu, eta horiek aspaldi galdu ziren.
Nola jakin zenuen zure ezintasuna talidomidaren ondorio zela?
Gaur egun oraindik zail da jakitea. Nire amak esaten zuen haurdun zegoela hartu zituela pilula batzuk goragalearen kontra, baina ez du gogoan zein motakoak ziren. Eta, noski, 51 urte geroago ez daukazu ez errezetarik, ez prospektorik, eta are gutxiago garai hartako medikuarekin hitz egiterik ere. Hori da arazoa, oso zaila dela frogatzea zerk eragin zuen ezintasuna.
Nire kasuan, adibidez, ezintasunagatiko laguntzak eskatzeko lanean hasi nintzenean piztu zitzaizkidan susmoak. Esku batean bi hatz elkarri itsatsita nituen, eta hanka ere okertuta; oinez ibiltzerakoan, lurrean oina jarri beharrean orkatilaren albo batekin zapaltzen nuen. Pentsatzen nuen umekia osatzen ari denean gertatutako malformazio baten ondorio behar zuela izan, eta horren ondotik hasi nintzen etxean galderak egiten. Orduan esan zidan amak, baietz, haurdun zegoela botika bat hartu zuela, baina ez zekiela zein botika izan zen. Handik gutxira lagun baten bidez elkartea aurkitu nuen, eta bertako kide egin nintzen. Han nabil orain, haien laguntzaz paperak egiten.
Bederatzi urtean, bederatzi ebakuntza egin zizkizuten.
Ni, egia esan, azkenengoaz bakarrik gogoratzen naiz. Hantxe egon nintzen zangoa igeltsuz inguratuta eta etxeko leiho ondoan eserita, aspertzen. Telebistarik ere ez zegoen orduan, eta baserrian bizi ginen. Jende asko etortzen zen bisitan, eta haiekin igarotzen nuen denbora.
Horrenbeste ebakuntza egin eta gero, erietxeko artxiboetan zerbait aurkituko zenuen.
Orain dela urtebete inguru hasi nintzen garai hartako txostenak-eta begiratzen, baina informazio gehiena galdu egin da. Ebakuntza gehienak Donostia ospitalean egin zizkidaten. Eta han bertan ere, artxiboak informatizatzeko garaian, asko galdu egin ziren. Bestetik, garai hartan dena ezkutatu egiten zen; orain gauza asko jakiten ez baditugu, pentsa nola izango zen orduan. Orain, gutxienez, batetik ez bada, bestetik informazioa lor zenezake, baina garai hartan oso bestela zen.
Anai-arrebarik baduzu?
Ez, nik uste eman nien sustoarekin ez zutela gehiago izatea pentsatu ere egin (barrez).
Ebakuntzek arrakasta izan zuten?
Tira, hobeto geratu nintzen, baina adinarekin okertuz doa osasuna. Baina egia da beti dela oztopo. Adibidez, ezin zara patin batzuen gainean jarri, erortzen bazara agian ebakuntzan konpondutakoa hondatuko duzulako. Gero gaztetan lagunak ere oso garrantzitsuak izan ohi dira, baina zu etxean sartuta bazaude, gertukoenak izango dira beti zure lagunak, dela lehengusuak, edo dela auzokoak; beti egongo zara mundu horretan sartuta. Gero eskolan ere 9 urterekin hasi nintzen, lehenago ebakuntza bat eta besteren artean alferrik zelako ezertan hastea. Gainera, ez nekien ezertxo ere gazteleraz, baina beti zegoen norbait laguntzeko eta gurasoek irakasle partikularrak jarri zizkidaten kurtsoan aurrera joan ahal izateko. Hala egin nuen, bi ikasturte batera egiten nituen, eta, hortara, besteekin batera amaitu nituen ikasketak.
Nerabezaroan zailagoa izan zen dena. Adin horretan denei gertatzen zaigu ohartzen garela zure lagunak zeintzuk diren eta betirako lagun uste zenituenak, ez direla hala; are gehiago, ezintasunak dituzunean.
Oinarrizko heziketa amaituta, 14 bat urterekin edo, formazio profesionalean sartu nintzen, administratibo ikasketak egin eta nire bidea egiteko. Hor lagun bat aurkitu nuen, bueno orain nire senarra dena, eta, harekin batera, denda txiki bat ireki nuen, baina han asteburuetan ere lan egin behar zen, eta bueno, gure lana nahi genuen bidetik eramaten hasi ginen. Baina adinean aurrera joan ahala, haur bat edukitzea pentsatzen hasi ginen. Ni beldur nintzen nire malformazioak ez ote ziren ondoretasunezkoak. Hala, medikura joan ginen, eta, azterketak egin ostean, esan zigun malformazioak jaiotzetikoak zirela, alegia, umekia formatzen ari zenean garatutakoak. Inork ez dizu, noski, esaten zehazki baten edo bestearen ondorio denik, baina ni buruari eragiten hasi nintzen.