Pabe kanpoaldeko etxebizitza batean atxilotu dituzte lau lagunak. Frantziako Poliziak jakinarazi duenez, lau gizonezkoak armatuta zeuden, baina atxilotzera joan direnean, ez dute inolako erresistentziarik jarri. Oraindik operazioa irekita dago, eta etxebizitza miatzen ari da Polizia. Dagoeneko hainbat arma eta agiri atzeman dituztela agertu dute.
Gorka Palacios Durangokoa (Bizkaia) da, 29 urte ditu, eta ETAko arlo militarreko arduradun nagusia izatea leporatzen dio Poliziak. Iñigo Vallejo bilbotarra da eta 27 urte ditu, Jon Rubenach nafarra, berriz, 1990ean Irunberriko (Nafarroa) gertakarietan zauritutako German Rubenachen anaia da. Polizia iturriek zehaztu dutenez. Jose Migel Almandozi dagokionez, haren nortasuna ziurtatu aurretik izen dantza ibili da: hasieran Angel Lizarbe zela zabaldu dute iturri batzuek; Iñaki Oses beste batzuek. Ondoren, Jose Mari Lizarbe Osesen izena zabaldu da, eta, azkenik, Espainiako Barne Ministerioko iturriek Jose Migel Almandoz Erbiti dela ziurtatu dute. Iturri horien arabera, ETAko kide "legala" zen Almandoz, hau da, fitxatu gabea.
Gaurko atxiloketei garrantzi handia eman diete Frantzia zein Espainiako poliziek, eta Espainiako agintariek. Hain zuzen ere, ETAko zuzendaritzaren kontrako "kolpe handia" direla esan dute, eta atxilotuetako batzuk erakunde horretako buruzagitzakoak zirela.
Joan den ostegunean Ibon Fernandez Iradi 'Susper', Patxi Abad eta Garazi Aldana atxilotu zituen Frantziako Poliziak Mont de Marsananen (Landesetan). Hirurak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen atzo Parisko Laurence Levert epaileak. Frantziako Poliziaren eski "tratu basatia" jaso dutela salatu dute atxilotu horiek. Polizia iturriek atxiloketa horiekin lotu dituzte gaurkoak.
Atxiloketak Paben
Izen dantzaren ondoren, laugarren atxilotua Jose Migel Almandoz Erbiti dela ziurtatu du Espainiako Barne Ministerioak
Gaur goizeko lehen orduetan ustezko lau etakide atxilotu ditu Frantziako Poliziak Paben. Espainiako Barne Ministerioko iturriek ziurtatu dutenez, Gorka Palacios, Iñigo Vallejo Franco, Jon Rubenach Roig eta Jose Migel Almandoz Erbiti dira lau atxilotuak. Gorka Palacios ETAko arlo militarreko buruzagi nagusia da Frantziako zein Espainiako polizien arabera, eta iturri horiek garrantzi handia eman diete gaurko atxiloketei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu