Eguraldia

Izotza dela eta, arreta berezia eskatu du Herrizaingo Sailak

Euskal Herriko errepide sare nagusian ez da aparteko arazorik, baina bigarren mailako errepideetan arazo dezente ari da izaten. Biharko prezipitazio gutxiago espero dituzte, tartekatuagoak; Araban eta Bizkaian, batik bat. Alerta laranja larunbatera arte luzatu dute. 

2012ko otsailaren 2a
21:05
Entzun

Elurra ari du goizetik Euskal Herrian, eta ondorioz, mendate eta errepide sareen egoera korapilatu egin da eguerditik aurrera. Arratsaldeko lehen ordutan arazoak izan badira ere, orduek aurrera egin ahala lasaitu da egoera: Euskal Herriko errepide sare nagusian ez da aparteko arazorik. Hala ere, bigarren mailako errepidetan traba ugari sortu da arratsaldean ere.

20:15eko informazioaren arabera itxita daude Barrerillako mendatea, Opakuakoa, Orduñakoa, Bikotzgane, Gasteizko portua, Herrerako mendatea eta Etxegarate. Dena den, aldakorra da egoera, elurra kentzeko errepideak irekitzen eta ixten ari baitira arratsalde osoan.

Artikutza, Arlaban, Bidania, Barazar, Dima, Kurtzeta, Leintz-Gatzaga eta Urraki mendateak kamioientzat itxi dituzte, eta autoentzat guztietan kateak erabiltzea beharrezkoa da.

Izotza dela eta, arreta berezia eskatu du Herrizaingo Sailak errepide sare osoan. Araban gutxienez zortzi lagun zauritu dira eguraldiagatik izandako istripuetan. Gasteizen, gutxienez 25 istripu izan dira.

Mondragon Unibertsitatetik jakinarazi dute arratsaldean ez dela klaserik egongo Oñati, Arrasate eta Eskoriatzako kanpusetan. Bihar goiz eta arratsalderako ere bertan behera utzi dituzte klaseak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ehiza egitea debekatu du bihartik aurrera, eguraldiak hobera egin arte. Araban eta Bizkaian, asteburuko eskola kiroleko lehiaketak bertan behera utzi dituzte, eta Gipuzkoako aldundiak horretarako gomendioa egin du.

Arraun elkarteak ere bertan behera utzi du larunbatean jokatzekoa zen batel estropada. Nafarroako Gobernuak, aldiz, mendira ez joatea gomendatu du.

Biharko prezipitazio gutxiago espero dituzte, tartekatuagoak; Araban eta Bizkaian, batik bat. Ipar ekialdeko haizeak zakar joko du lurralde osoan; 98 kilometro orduko haize boladak ere izan daitezkeela ohartarazi dute. Tenperatura baxuak izango dira, balio negatiboak barnealdeko leku askotan, eta ipar haizearen eraginez, hotz sentsazioa areagotu egingo da.

Hotz gehien ostiraletik larunbaterako gauean egingo duela iragarri dute; alerta laranja larunbatera arte luzatu dute.

Tenperatura hotzak 

Iritsi da Euskal Herrira azken egunetan Europan hainbat kalte eragin dituzten hotza eta elurra. Zero azpira jaitsi da tenperatura leku askotan, eta elurra ere ari du goizetik, baita zenbait hiriburuetan ere, tartean, Donostian eta Iruñean. Iruñean 19:30ean -4 gradu dituzte. Donostian -2 gradura iritsi da tenperatura. Kontxako hondartza zuri dago; Gipuzkoan ia toki guztietan 0 gradu azpitik dira.

Baionan -1 gradu dituzte 19:30ean, Gasteizen ere zuritu du, 0 gradu azpiko tenperaturekin. Bilbon, berriz, ez du zuritu. San Martingo harrian -14 gradu jaso dituzte; Aralarren, berriz, -8 gradu. Erronkarin 20 zentimetrotako elur kapa dute. Arangoiti mendian (Irunberri, Nafarroa) -12,6 graduko tenperatu dute 17:30ean; sentsazio termikoa, ordea, -27 gradukoa da. 

Denboralearen aurrean,  hainbat aholku eman dituzte, etxean, kalean eta errepideetan aintzat hartzeko.

Gaur jasotzen ari diren tenperaturak, hala ere, Euskal Herrian inoiz jasotako tenperatura hotzenetatik urruti daude: Urbasan 1952an -24 gradu jaso zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.