Frantziako Poliziak Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Beñat Lizeaga eta Aitziber Plazaola gazteak atxilotu zituen atzo, Espainiako Poliziarekin elkarlanean. Hain juxtu, beren egoera salatzeko astebetez Izpuruan itxialdian izan, eta egun batera atxilotu dituzte protestan izan ziren erdiak: zortzi gazteetatik lau.
Iazko urriaren 22an Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz Segiren aurka egindako polizia operaziotik ihes egin zuten zortzi gazteek egin zuten itxialdia: atzo atxilotutako Madernaz, Zaldibar, Lizeaga eta Plazaolak, eta Irati Tobarrek, Endika Perezek eta Jazinto eta Xalbador Ramirez Cruzek. Segi gazte erakundeko kide izatea egozten die guztiei Grande-Marlaskak, eta haien aurkako euroagindu eskaerak eginak ditu. Urriko operazioan, beste hamalau gazte atxilotu zituen akusazio berarekin.
Ihes eginda zeuden zortzi gazteek, ez dutela inolako deliturik egin eta beraz ez dutela zertan ezkutatu argudiatuta, beren egoera salatu zuten publikoki. Salaketa hori egiteko itxialdia egin zuten Izpuruan, eta babes zabala jaso zuten.Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat hautetsik beren etxeetako ateak zabaldu ere egin zizkien; haien etxeetan gordeko zituztela adierazi zuten publikoki.
Hautetsiek gorde dituzte
Hala egin dute. Atzo goizean Baionako San Andresko aparkalekuan atxilotu zituzten Zaldibar eta Madernaz gasteiztarrek Luxi Oxandabaratz Gamarteko kontseilariaren etxean hartua zuten ostatu larunbat gauetik.
Arratsaldean, Donibane Garazin atxilotu zituzten Lizeaga zumaiarra eta Plazaola bergararra; haiek Europe Ecologie-ko Akitania herrialdeko kontseilari den Alice Leizegezaharren etxean zeuden larunbatetik, Uharte Garazin. 15:35 aldera atxiki zituzten, Donibane Garazin, atzo.
Larunbatean itxialdia amaitu, Kanbon zortzi gazteen babeserako egindako kantaldi arrakastatsuan parte hartu, eta «bizitza normalizatura» itzultzeko asmoa zutela iragarri zuten zortziek.
Atzo iluntzean, 60 lagunek salatu zituzten atxiloketak Espainiako Kontsulatuak Baionan duen egoitzaren aurrean lehenik, eta 30 lagunek Lartzabaleko itzulgunean ondoren.
Izpuruan itxialdia egin zutenetako lau atxilotu dituzte
Baionan Aiala Zaldibar eta Bergoi Madernaz atxiki dituzte; Donibane Garazin, Beñat Lizeaga eta Aitziber Plazaola
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu