[YouTube]http://youtu.be/VHHUx9xnxVk[/YouTube]
«Gogorra da igoera, oso gogorra». Barrua dezente berotuta iritsi da Leire Olaberria (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977) Gaintzako plazara. «Banekien gogorra zela, baina...». Gorputza bere onera ekarri bitartean, motzean ari da hizketan ikaztegietarra. «Ez da motza, gainera». Aldapa. Gaintzako igoera. 1,7 kilometro, eta batez bestekoa %15 ingurukoa. «Baina beheko zati horretan %30ekoa ere egongo da, agian, e! Ikaragarria da». Pixkanaka ari da bere onera etortzen. «Itzulia lehiatzera etorriko diren faboritoen artean, ziurrenik, ez da izango alde handirik, baina hortik atzerakoek nahiko lan izango dute». Goraino iristea bera erronka izango da batzuentzat.
Inor gutxik ezagutuko ditu Goierriko parajeak Leire Olaberriak baino askoz hobeto. Ikaztegietan jaioa, begiak itxita ere asmatuko luke, ia-ia, biharko etapa osorik egiten. Abaltzisketa, Lazkaomendi, Gabiria, Gaintza, Okorro, Orendain... «Txirrindulari izugarriak dira, eta zortzi igoera dauzkaten arren, lehenengo aldapak ez dira ezer asko eurentzat». Bizkaia-Durangoko txirrindulariaren begietara, «igoeren batuketan» egongo da gakoa. «Eta, tira, azken aldapa honetan. Izugarria iruditu zait». Begiak erdi itxi, igoera behin eta berriz irudikatu, eta «puf» argigarri batekin, hitz gehiago esan gabe ere antzeman zaio esan nahi duen guztia.
Ordizian hasi eta bukatu, 153,4 kilometro dauzka biharko etapak, eta, gehienez ere, 30 bat egingo dituzte sasi-ordekan. Igo eta jaitsi etengabean ibiliko dira txirrindulariak. Eta, eguraldi ona iragarrita dagoen arren, beherako lanean, Gaintzako igoerari adina garrantzi eman dio Olaberriak jaitsierari. «Nahiko teknikoa da, eta errepidea erabat ondo ere ez dago». 6,7 kilometro besterik ez dago Gaintzako gainetik Ordiziako helmugara. «Eta 2,3 besterik ez jaitsiera amaitu ondoren, Zaldibiako bidegurutzetik helmugara». Tentsioa esan nahi du horrek. «Eta kokapena». Orendaindik eta Zaldibiatik barrena Gaintzaren magalera iristeko lanean, eta goitik beherakoan.
Olaberriak berak ezingo du ikusi bertatik bertara lehen etapa, Flandrian lehiatzen ari delako asteburu honetan. «Eta asteartean iritsiko naizelako». Baina lotuta dauka plana. «Azken urteotan Munduko Txapelketarekin batera egokitzen zen itzulia, baina aurten, asteartetik aurrera, bertan egoteko aukera izango dut. Saxo taldearen autotik jarraituko dut, ziurrenik, astearteko etapa hori». Plana lotzeaz gain, garapenei buruzko aholkuak emateko ere deitzekotan geratu da ikaztegietarra. «Jakinaren gainean egongo dira, baina... 27, 28, 29... ez dakit zein garapen erabiliko duten eurek, baina berezia behar da Gaintzan. Garapena eta hankak».
Olinpiar Jokoak buruan
Gehiegi zirikatu gabe ere, Rio de Janeirori buruz hizketan hasi da Olaberria. 2016ko Olinpiar Jokoak dauzka jada buruan. «Urrian hasiko da jokoetarako sailkatze fasea». Eta martxotik urrira arteko epea «luzeegia» izango zela-eta, Bizkaia-Durangok eman dio, beste behin, errepidean zailtzeko aukera. «Badakit hurrengo bi urteak gogorrak izango direla, eta gozatu egin nahi nuen pixka bat». Iazko udan talde horrekin berarekin lehiatu zen hainbat probatan. «Eta klasikoak ezagutzeko kapritxoa neukan aurten». Ezagutu ditu, eta... «Puf» txiki batekin eman du azalpen zehatza. «Oso gogorrak dira, eta maila handia dago, orain gutxi baino askoz hobea. Nire sasoi puntua ere ez da onegia, gainera, oraindik». «Motibazioa» behar izaten du, ordea, une oro. «Eta helburu horrekin heldu diot errepideari».
Apustua egitea Gaintza igotzea baino errazagoa denez, beldurrik gabe heldu dio Olaberriak erronkari. «Kwiatkowski, Valverde eta Contador». Hortxe Gaintza gainetik ikusten den podiuma.