«Oraindik goiz da bilakaera epidemiologikoan joera aldaketa bat aurreratzeko» , horixe adierazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Pandemiaren bilakaera aztarna sakona uzten ari da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan: Jaurlaritzak diseinatutako kontingentzia planaren hirugarren jokalekuan daude ospitaleak, eta 363 ohe daude ZIUetara bideratuta. Sagarduik jakinarazitakoaren arabera, ohe horien %61,9 ingurutan daude COVID-19az kutsatutakoak. Horrez gain, datozen asteetan presio hori bere hartan mantentzea edo haztea aurreikusi du sailburuak.
Eusko Jaurlaritako Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan egin ditu adierazpenok Sagarduik. Azaldu duenez, positiboen kopurua «handia» da, eta horrek ospitaleen egoeran presio handiagoa ekartzea eragin dezake. «Premiazkoak» ez diren ebakuntzak atzeratzea erabaki zuen Osakidetzak atzo, pandemiaren bilakaera okerrak bultzatuta. ZIUetako datuak eman ditu Sagarduik: COVID-19az kutsatutako 100 lagunetik hamaika ospitaleratu egiten dituzte, eta horietatik batek ZIUetako zaintzak behar izaten ditu. Sagarduiren arabera, Osakidetzak oraindik baliabide «nahikoa» ditu presio horri aurre egiteko, baina ez du baztertu gora eginez gero ohe kopurua handitu behar izatea. Era berean, ospitale pribatuekin lankidetzan aritzeari ere ez dio uko egin, oraingoz «beharrezkoa» ez dela iritzi badio ere. Hala ere, neurri zorrotzagoak ezartzea baztertu dute.
Bestalde, alarma egoera bukatzear den honetan, maiatzaren 9aren biharamunaren inguruko «argitasunik» ez dutela azaldu du Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Jaurlaritzako talde juridikoak horretan lanean ari direla adierazi du, eta gaixotasunaren garapenaren arabera hartuko dituela lehendakariak erabakiak.
Arazoak txertaketan
Hiru herrialdeetan 721.000 dosi banatu dituzte; hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen %24,4k hartu dute dosi bat, eta %8,8k biak. AstraZenecaren bigarren dosiari dagokionez, Osasun Publikoaren Batzordearen irizpideen zain daudela adierazi du.
Hala ere, jakinarazi du arazoak izan dituztela txertoen dosien banaketarekin. Izan ere, azaldu du atzo AstraZenecaren 4.800 dosi jaso behar zituztela baina 600 baino ez zituztela jaso, eta gehitu du datozen egunean falta diren dosiak jasotzea espero dutela. Bestalde, Jaurlaritzaren arazoak ere izan direla onartu du 60 eta 65 urte artekoen plangintzan: zenbait zentrotan adin tarte horietatik kanpo daudenak txertatzera deitu dituztela azaldu du, zerrendetan arazoak izan dituztelako. Eskuragarri zeuden 750 txandatatik 25 inguru izan dira, Sagarduiren arabera, tokatzen ez zitzaienean deitu dituztenak.