Hondarribiko Alardea

Jai giroan, arazorik gabe, ibilbide osoa bete du gizon eta emakumez osatutako Jaizkibel konpainiak

Jai giroan desfilatu du emakume eta gizonez osatutako Jaizkibel konpainiak Hondarribiko (Gipuzkoa) kaleetan. Aurretik, alarde tradizionala egin da, hau da, emakumeei berdintasunez parte hartzen uzten ez diena. Jendetza handia bildu da ekitaldi horretara, eta festa giro nabarmena izan da hartan ere. Jaizkibel konpainia mistoak goizeko 11:00etan hasi behar zuen desfilea, baina ordu laurdenez-edo atzeratu behar izan dute ateratzeko ordua. Izan ere, alarde tradizionala oraindik amaitzeke zegoen.

2003ko irailaren 8a
15:05
Entzun
Alarde tradizionaleko kideak eta Jaizkibel konpainiakoak hurbil izan diren une horretan, irain batzuk entzun behar izan dituzte emakumearen parte-hartzea defenditzen dutenek, baina ez da bestelako liskarrik gertatu.

Beraz, 11:15 aldera abiatu da Jaizkibel konpainia Hondarribiko alde zaharrean gora. Segizioaren aurretik pankarta bat eraman dute —'Emakumeak Alardean-Por un alarde público y no discriminatorio' (Alarde publiko eta bazterketarik gabeko baten alde) aldarrikatukz—. Atzetik, Garoa Lekuona kantinera, Ixabel Alkain kapitaina eta Jaizkibel konpainiako gainerako kideak joan dira, festa giroan, eta guztien atzetik, ehun bat lagun emakumearen parte-hartzea defenditzen dutenei babesa agertzen. Guztiak inguratuz, hainbat ertzain.

Txalo artean bete dituzte desfileko lehen urratsak, eta aurreneko aldiz, arazorik gabe bete duet ibilbide osoa.

Hondarribian —Irunen bezala— eztabaida handia dago herriko jaietako ekitaldirik nabarmenenaren inguruan; hau da, alardearen inguruan. Izan ere, konpainia bakoitzeko kantinera batek salbu, gizonezkoek bakarrik parte hartzen dute ekitaldi horretan. Duela zenbait urte, Hondarribiko emakume batzuk alardean parte hartzeko eskubidea aldarrikatzen hasi ziren, baina herritar askok ez zuten onartu halakorik. Ordutik, eztabaida eta liskar ugari izan da Hondarribian auzi horren inguruan.

Lehenago, Udalak antolatzen zuen alardea, baina zalaparta hori guztia ikusita, eta zenbait epaitegik eta erakundek agindutakoa ez betetzearren —hots, emakumeen parte-hartzea bermatzea— pribatizatu egin zuen ekitaldi hori, eta fundazio baten esku utzi. Fundazio horrek ez du emakumeen parte-hartzea onartzen.

Jaizkibel konpainia mistoak, berriz, duela hainbat urtetik hona, urtero egiten du alardean parte hartzeko saioa. Alarde tradizionalaren aldekoekin istiluak izan dituzte askotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.