Iazko sanferminetan, San Fermin eta Armonia Txantreana peñetako kartelek "terrorismoa goratzen" zutelakoan, salaketa jarri zuen Iruñeko Udalak auzitegietan. Aurten, koska bat harago joateko asmoa duela dirudi. Izan ere, peñentzako aurtengo diru laguntzen deialdian udalak baldintza gisa jarri du ez diela dirurik emango «izaera politikoa edo protesta izaera duten jarduerak» egiten dituzten peñei, ez eta «herritarren askatasunaren kontrakoak edo Konstituzioa edo legeak betetzen ez dituzten» jarduerak egiten dituztenei ere. Peñentzat, ordea, ez da bizitzeko ezinbestekoa diru hori, eta euren nortasunari eusteko asmotan jarraitzen dutela argi utzi nahi izan dute gaur. Jai parte-hartzaile eta herrikoiak jasaten ari diren erasoak salatuz jarraituko dutela azaldu dute.
Urte osoan eta jaietan ere bai. Udalaren jarrera salatzeko hainbat protesta bideratuko dituzte. Besteak beste, zezen plazara joan ohi diren egunean, uztailaren 11n, hutsik geratuko da eurek betetzen duten lekua, eta horren ordez, kalejira egingo dute; zezen plazan egiten egiteko ohitura duten guztia kalera eramango dute.
Horrez gainera, peñen kartelak beltzak izango dira aurten, eta taldeen bereizgarri diren eskutuen ondoan esaldi bat eramango dute. Lau dira karteletan eramateko aukeratutakoak: Adierazpen askatasuna, Sanfermin herrikoiak nahi ditugu, Sanfermin parte-hartzaileak, eta Peñei erasorik ez.
Peñen diru sarrerak
Iruñeko Udalak peñei dirulaguntzak kentzeko egindako mehatxuaren aurrean argi erantzun dute peñek, Argitu nahi izan dute euren jarduna ez dela Sanferminetara mugatzen, urte osora baizik, eta taldearen finantzaketaren %90 bazkideen poltsikoetatik datorrela. Udaletik dator gainerako %10, eta beraz, pentsatzen dute diru hori kentzeagatik aurrera ateratzeko aukerak ez dituztela galtzen. Jaien jarrera espontaneo eta parte-hartzaileak horrek baino gehiago balio duela uste dute.
sanferminak
Jai parte-hartzaileak jasaten ari diren erasoak salatu dituzte Iruñeko peñek
Udalaren jarreraren aurrean protesta ekitaldiak iragarri dituzte, eta haren dirulaguntzarik gabe aurrera egin dezaketela nabarmendu dute, hori baino garrantzitsuagoa iruditzen zaielako festen nortasunari eustea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu