EUSKAL HERRIA

Jaieguna, iraungitze data iristear zaiola

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakaria zela izendatu zuten urriaren 25a jaiegun, 2010ean, "Euskadiren Eguna" izenpean. Gaur, soilik PPk ospatu du Gernikako Estatutuaren urteurrena.

jon olano
2013ko urriaren 25a
13:46
Entzun

Urriaren 25a da gaur, jaieguna Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 2011z geroztik da urriaren 25a jaiegun, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua ospatzeko. Izan ere, 1979ko urriaren 25ean onartu zuten EAEn Gernikako Estatutua herritarrek, erreferendum bidez. 1979ko erreferendumean erroldaren %58,8k hartu zuen parte, eta boza eman zutenen artetik %90,3k estatutuaren alde egin zuten. Alde ez zeudenen artean AP eta HB ziren.

"Euskadiren Eguna" izena jarri zioten gaurkoari. 2010eko apirilean bozkatu zuten proposamena Eusko Legebiltzarrean, eta PSE-EEk, PPk eta UPDk babestuta egin zuen aurrera ekimenak. Gaur, baina, soilik PPk ospatu du eguna; Gernikako Juntetxean ekitaldi bat egin dute eguerdian. PSEk ez du ospakizunik antolatu; horren ordez, bideo bat zintzilikatu du Interneten.

[Youtube]http://youtu.be/Acx6pDWh_hc[/Youtube]

EH Bilduk bat egin du LAB sindikatuak gaurko Durangon antolatu duen jardunaldi sozioekonomikoarekin, eta koalizioko Gipuzkoako kargudun publikoak lanera joan dira.

Ospakizunak iraungitze data izan dezake, ordea. Gaurko egunak jaiegun izateari uzteko eskatu zuen ekainean Eusko Legebiltzarrak, EAJk eta EH Bilduk alde bozkatuta. Datorren asteartean eztabaidatuko dituzte zuzenketak legebiltzarrean, eta urtea amaitu aurretik onartu beharko du legea. Haren ordez, abenduaren 3a —Euskararen Eguna— proposatu zuen EH Bilduk jai egun gisa.

Nahiz eta 34 urte pasatu diren, Espainiako Gobernuak Gernikako Estatutuko 40 bat eskumen igorri gabe dauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.