Sanfermin jaiei zukua atera nahian ehunka lagun batu dira Billabesaren entzierroan. Bada parranda azkeneraino luzatu nahi duenik, eta ez preseski aurtengo jaiak hogei bat minutuko atzerapenarekin hasi direlako, ez. 28 urte igaro dira aurrenekoz Billabesako entzierroa korritu zenetik. Izan ere, sanfermin giroan murgilduta dagoen gutxi ohartu arren, asko dira bederatzi egun luzez lanean aritzen direnak. Baldintza zailetan, gainera. Zerbitzariak dira asko, eta haiek ere esango dute, jaien azken tantekin disfrutatzeko eskubidea badutela. Parrandazale sutsuenentzat, berriz, astea “biribiltzeko” aukera paregabea da entzierro xelebre hau. Aurtengoa garbia eta lasaia izan da, nahiz eta ez den beti hala gertatu; azken urteetan Espainiako Poliziak eta Udal Poliziak jendearen aurka kargatu du, eta istiluak izan dira.
Goizeko 8:00ak aldera hasi zaizkie eskaintzen kantuak eskuak jasoak zeuzkan San Fermini. Mirakulua batzuentzat, parrandak eragindako irudipena besteentzat. Ohiko prestaketak eginda, Miguel Indurainen “Espada” mitikoa Santo Domingoko aldapan gora abiatzearekin batera hasi da lasterka jendea. Merindades plazaraino lagundu diote korrikalariek Induraini, eta hantxe agurtu dute esker onez, gaurkoan ez baita adarkadarik izan. Poliziaren bi furgoneta ziren trafikoa zaintzen, baina ez da istilurik egon, eta festa giroan amaitu dute askorentzat sanferminetako azken ekimen bihurtu den Billabesako entzierroa.