'Jaietan ez oilarsauriorik ez lorolaparik' leloa aukeratu du Gasteizko Udalak eraso sexisten aurka egiteko

Kolore biziak eta maskotak dira elementu nagusiak. EH Bilduk salatu du “emakumea adingabe moduan” tratatzen duela kanpainak.  

2015eko uztailaren 23a
10:25
Entzun

Jaietan ez oilarsauriorik ez lorolaparik, gozatu eta errespetatu. Eraso sexistarik ez! lelopean eta maskoten irudiak erabiliz aurkeztu du Gasteizko Udalak eraso sexistekin lotutako sentsibilizazio eta prebentzio kanpaina.

Andre Maria Zuriaren jaiei begira -abuztuaren 4tik 9ra-, emakumeek festa giroan jasaten dituzten egoerak gogoratu ditu Jaione Agirre Berdintasun zinegotziak: “Emakumeok ezin dugu jaiez gozatu benetako berdintasunezko giroan, ezin baitugu aske jokatu. Izan ere, leku eta egoera batzuk saihesten saiatzen gara, edo, beste aukerarik ezean, bertan geratzen bagara eraso sexistak etsipenez “onartzen” ditugu azkenean, eguneroko jarrera edo jokabide normalizatutzat joz, ez ikusiarena eginez eta konplize bihurtzen den gizartearen isiltasunaz”.

Helburu honekin, 1.500 txano eta 3.000 txapa koloretsu banatuko dituzte kalean; baita Gasteizko komertzioetan eta tabernetan ere. Tabernetako komunetan biniloak jarriko dituzte, festazaleek argazkiak atera eta zabaldu ditzaten kanpainarekin bat eginez.

Patrikako gida batzuk ere banatuko dituzte, emakume nahiz gizonentzat, eraso sexistak detektatzeko eta haiei aurre egiteko informazioarekin eta gakoekin.

Agirrek azaldu du mugimendu feministaren eta hiriko hainbat kolektibo sozialen protokoloarekin bat egin duela aurten Gasteizko Udalak, lehenengoz.

Kanpainarekin ados ez
“Emakumeak nahikoa helduak dira txapatxoekin, txapeltxoekin eta maskotekin ibiltzeko”, hori hausnartu du EH Bilduk. Ane Aristi Gasteizko zinegotziak argi utzi du bere jarrera: “Adingabe izango bagina bezala tratatzen gaituzte, eta nazkatuta gaude”. Kezkati agertu da Aristi azken boladan Euskal Herrian salatutako erasoen kopuruarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.