EUSKAL PRESOAK

Jaiki Hadi elkarteak biziki gaitzetsi du auzitegiko medikuaren txostena

Auzi medikuari espetxeetako irizpideak "alboratzea" egotzi diote, Uribetxebarriaren kasuak baldintza guztiak betetzen dituelako; eta ohartarazi dute baldintzapeko askatasunerako irizpideak "manipulatzen" ari direla. Egoera salatzeko "dagokion instantzia guztietan" kexak aurkezteko asmoa dutela esan dute.

2012ko abuztuaren 25a
14:19
Entzun

Jaiki Hadi presoen prebentzio eta laguntzarako elkarteak biziki gaitzetsi du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Carmen Baena medikuak Josu Uribetxebarria preso gaisoaren osasun egoeraren inguruan osatutako txostena. Euskal presoa oso larri dagoela berretsi duen arren, Baena medikuak uste du Zaballako espetxean trata dezaketela. 

Iñaki Uruburu eta Estibaliz Gorostiaga Jaiki Hadi elkarteko ordezkariek agerraldia egin dute gaur, Bilbon; besteak beste. Uribetxebarriaren gaixotasunaren jarraipena eta tratamendua preso egotearekin "bateraezina" dela adierazi dute. Egoera salatzeko "dagokion instantzia guztietan" kexak aurkezteko asmoa dutela esan dute. Auzi medikuari espetxeetako irizpideak "alboratzea" egotzi diote, Uribetxebarriaren kasuak baldintza guztiak betetzen dituelako, eta ohartarazi dute baldintzapeko askatasunerako irizpideak "manipulatzen" ari direla.  

Elkarteak uste du txostena "partziala eta objektibotasunik gabea" dela. Jaki Hadiren arabera, Baenak etika profesionala eta kode deontologikoa ez ditu kontutan hartzen. "Heriotz arriskuaren balorazio espekulatiboa besterik ez du egiten", nabarmendu dute ordezkariek. Hala, txostenak prozesua "oztopatzeko" helburua duela esan dute. Gainera, "iraingarritzat" jo dute osasun alorreko profesional batek 56 urteko preso batentzat hamaika hilabeteko bizi itxaropena epe luzekoa dela adieraztea. 

Atzo Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileari helarazi zioten auzi-medikuaren txostena. Epaileak Pedro Rubira fiskalaren eskuetan utzi du informazio hori, honek Uribetxebarria baldintzapean askatzearen aldeko edo aurkako iritzia eman dezan. Azken hitza epaileak izango du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.