Ingurumena. Jaizkibelgo itsaslabarren babesa

Jaizkibel babestuko du Jaurlaritzak, baina kanpoko kaiari atea itxi gabe

Europako zuzentarauak dio «ekonomikoki eta sozialki» beharra badago babestutako tokietan azpiegiturak egin daitezkeelaOceana elkartearen arabera, ezinbestekoa da inguruan itsas korridore ekologikoa sortzea

Jaizkibelgo itsaslabarretan eraiki nahi dute kanpoko kaia. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak uztailerako onartu nahi du Jaizkibelgo itsaslabarrak (Gipuzkoa) babestutako gune berezi izendatuko dituen kudeaketa planaren dekretua. Inguru horretan eraikitzea debekatzen du berez babes horrek. Baina, kontraesana dirudien arren, horrek ez du ziurtatzen kanpoko kaia egingo ez denik: «Natura 2000 sarearen barruan daudenguneak ez dira sakratuak. Proiektuak babestutako gune horretako habitat eta espiezeetan eragin kaltegarriak baditu, berez, ezingo da egin. Baina salbuespen bat dago: arrazoi sozial eta ekonomikoengatik beharrezkoa izatea. Kasu horretan egin ahal izango da, baina eragindako kalteak arintzeko neurriak hartuz», dio Eusko Jaurlaritzako Bioaniztasun zuzendari German Alonsok.

Horren karietara ñabardura txiki bat egin nahi izan du Oceana elkarte ekologistako Ana de la Torrientek: «Portu Agintaritzak berak onartu izan du kanpoko kaiak ingurumenean ondorio kritikoak izango dituela. Kasu batzuetan, ondorioak atzeraezinezkoak lirateke. Beraz, horiek gutxitzeko neurriak hartuta ere, kalteak ikaragarriak lirateke. Gainera, egia da legeak ez duela toki horietan eraikitzea debekatzen; baina beste zerbait ere esaten du: ezin dela babestutako gune batek duen natur balioa gutxitu. Hala, ezinbestekoa balitz azpiegitura hori eraikitzea, beste aukera eta modu batzuk aztertzea eskatzen du».

Urte erabakigarria izango da hau Jaizkibelgo inguruaren babeserako. Babestutako gune berezi izendatzearekin batera, Lapurdi eta Donostia artean itsas korridore ekologiko bat eraikitzeko proposamena aurkeztu zuten iaz Oceana elkarteak eta Euskadiko Biologoen Elkargoak. Orain aste batzuk, Ezker Batuak eta Aralarrek proposatuta, Eusko Legebiltzarrak proiektu hori aztertzeko eskatu zien Jaurlaritzari eta Espainiako Ingurumen Ministerioari. Gainera, elkarlanean aritzeko inguru horretarako babes neurriak zehazteko proposatu zien. «Orain ikusiko da bai Eusko Jaurlaritzak eta bai Espainiako Ingurumen Ministerioak portuaren inguruan duten jarrera, ez baita bateragarria korridore ekologikoa sustatzea eta kanpoko kaia eraikitzearen alde egitea».

Azken hilabeteetan, erakundeak hasi dira natur babes horiei buruzko iritziak ematen. Kanpoko kaia eta porturako sarrera nahiz komunikazioak eraikitzeko beharrezkoak diren eremuei edozein babes ukatzeko eskatu dute, adibidez,Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Eusko Legebiltzarrak, berriz, Pasaiako Portuaren Zuzendaritza Plana babestu zuen herenegun. Planak 66.700 euroko aurrekontua du, eta Pasaiako Portuaren Azpiegitura Gida-Plana sustatzeko hainbat ekintza proposatzen ditu. Pasaiako Portu Agintaritzak, Gipuzkoako Merkataritza Ganberak eta Eusko Jaurlaritzak sustatu dute plana. EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu zuten herenegun ekimena.

Jaizkibelgo labarrek 2004. urtean jaso zuten LIC Komunitateko Intereseko Toki izendapena. Europako Batasunaren 1992ko maiatzeko habitatei buruzko zuzentarauak agintzen du LIC horiek babestutako gune berezi izendapena jaso behar dute sei urteko epean. Horretarako kudeaketa plan bat aurkeztu behar da, eta horrexetan ari da Eusko Jaurlaritza. Datozen asteetan aurkeztuko dute plana. «Eragile eta aditu ugarirekin hitz egin dugu plana egiteko. Publiko egitean epe bat izango da helegiteak aurkezteko, eta, horiekin, behin betiko plana osatuko dugu. Hori eginda, inguru horrek babestutako gune berezi izendapena jasoko du». Izendapen horren helburua da inguru horretako balio ekologikoa mantentzea; besteren artean, eraikitzea debekatuz. Alonsok garrantzi handia eman dio babesari: «Inguru horretako zaintza aktiboa sustatuko da. Hau da, administrazioekjarduerak, proiektuak, jarri beharko dituzte martxan inguru hori babesteko; bertako habitat eta ekosistemak hobetzeko».

Kanpoko kaiari dagokionez, «pausoz pauso» joan behar dela nabarmendu du. «Espainiako Gobernuak ingurumen memoria aurkeztean ikusiko da zer dioen, hark baitu portuen inguruko eskumena. Hortik aurrera, hasi beharko dugu aztertzen proiektua. Gainera, uste dut babestutako gune berezi izendatzeko prozesua eta kanpoko kaiaren eraikuntza ez daudela lotuta; bi prozesu dira».

Ingurumen memoriaren zain egon gabe, De la Torrientek argi du proiektua «bideraezina» dela. «Erabiltzen dituzten argudioak ez daude behar bezala arrazoituta eta frogatuta. Gainera, aurkeztu dituzten txostenek hutsune asko dituzte. Elementu ugari falta dira aztertzeko. Ekonomikoki, ekologikoki eta sozialki proiektu honek ez du justifikaziorik, eta harrigarria litzateke erakunde publikoek onartzea. Izan ere, ingurumen zuzentarau eta lege guztiak urratzen ditu».

Korridore ekologikoa

Kanpoko kaiaren proiektua ez gauzatzeko «oso garrantzitsua» da, De la Torrienteren ustez, itsas korridore ekologikoaren proiektua. «Jaizkibel osotasunean babestuta egotea lortuko genuke: bai labarrak eta bai itsas eremua. Euskadin babestutako lehen itsas eremua litzateke».

Jaizkibelgo eta Uliako itsas eremua babestuz, 35 kilometro luze eta 27.000 hektareatako babesgune bat eratuko litzateke. Eremu horretan 1.000 espezie inguru daude; horietako 50, babestuta; baita 113 habitat ere. «Kantauri itsasoan ez dago halako natur aniztasunik duen tokirik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.