Jaizkibel konpainia parekideak gustura hartu du EAEko Auzitegi Nagusiak iaz Eusko Jaurlaritzak Hondarribian alardearen egunean konpainiari ibilbidea aldaraztea "bidegabe" jo izana, horrekin frogatutzat eman delakoan "arriskua" ez dutela alardeko kideek sortzen. "Epaiak argi uzten du arrazoia gurea zela, ez Ertzaintzarena edo Hondarribiko Udaltzaingoarena", esan du Jaizkibelek gaur, prentsa ohar baten bidez, eta Rodolfo Ares Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuari epaia betetzeko eskatu dio.
"Epaiak ondorioztatu du arriskua ez datorrela guregandik, zenbait ikusleengandik baizik", dio Jaizkibelek. "Guk ez dugu arriskurik sortzen, ez dugu segurtasun neurririk behar. Neurri horiek, aterki edo plastiko beltzak zabaltzen dituztenek behar dituzte, haiek antolatzen baitute kontra-manifestazioa. Hori da aurtengo alarderako espero duguna: Ertzaintzak eta Hondarribiko Udaltzaingoak gure eskubideak babes ditzatela, epaileek agindu duten moduan".
Hondarribiko alardean "segurtasun arazo handiak" daudela esanez zuritu zuen ibilbidea eta ordutegia aldatzeko agindua Aresek, iazko urriaren 4an. Adierazi zuen hamabost urtean gatazkak "etengabeak" izan direla. Hondarribiko Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren txosten banatan oinarritu zuen erabaki hori Jaurlaritzak: Udaltzaingoak azaldu zuen alarde mistoa eta tradizionala leku beretik igaroko zirela une berean, eta Ertzaintzak argudiatu zuen Jaizkibelen ibilbidea aldatzea komeni zela "segurtasun publikoa bermatzeko".
Jaurlaritzako erabakiaren kontra egiteko Jaizkibelek berak jo zuen auzitegira.