EAEko Justizia Auzitegi Gorenak Jaizkibel konpainiaren aldeko epaia eman du, BERRIA.INFOk jakin ahal izan duenez, eta ebatzi du iaz ez zegoela Hondarribiko alarde mistoaren ibilbidea aldatzeko motiborik. Modu horretan, bertan behera utzi du Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak segurtasun arrazoiak aipatuz ibilbidea aldatzeko hartu zuen erabakia. Ertzaintzak bidea itxi zion alarde mistoari irailaren 8an iaz.
Istilu arriskua saihestu nahi zela argudiatu zuen Barne Sailak orduko hartan, baina epaian (18. orrialdea, hirugarren paragrafoa) garbi esaten du Auzitegi Nagusiak aurreko urteekin alderatuta ez dagoela argudiatuta ibilbidea aldatzea. Esan du zehazki Ertzaintzak ez duela azaldu zergatik aldatu behar zen ibilbidea Gernikako Arbola lorategietan, "aurreko urteetan hortik pasatzea baimendu bazuen".
Gainera, ibilbidearen zati hori "sinbolikoa" dela onartu du Auzitegi Nagusiak. Eta gaineratu du istiluak izateko arriskua ez dela erabaki bat hartzeko motibo, baizik eta beste zerbaiten ondorio izan behar duela. Kasu honetan ondorio horrek oinarririk ez duela ebatzi du. Horregatik, aurreko urteetan erabakia justifikatzen zuten istilurik izan ez zelako, ibilbideak aurreko urteetakoa izan behar zuela azaldu du.
Protesta ugari Barne Sailaren erabakiaren kontra
Erabakiaren kontra protesta egiteko eserialdia egin zuten alarde mistoko kideek iaz (bideoa). Ertzaintzak inguratuta desfilatu zuten, ondoren azaldu zutenez denbora bost urte atzera egin zutela sentipenarekin. Barne Sailaren erabakiak azken urteetan lasaitu zen giroa suspertu zuen berriro alarde mistoko kideen aurka.
Alarde mistoak oztopoen gaindi desfilatu zuen eta hainbat erakunde eta eragileren babesa jaso zuten, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiarena tartean.
Eztabaida Eusko Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarrera ere heldu zen gaia, Aralarrek hala eskatuta (bideoa). Saio hartan Iñigo Lamarca EAEko arartekoak babesa agertu zion Jaizkibel konpainiari, eta Hondarribiko alardean hark "lehentasuna" izan beharko lukeela azaldu zuen.