Jaizkibelgo Superportuak ez duela enplegurik sortuko nabarmendu dute gaur hainbat sindikatuk eta Jaizkibel Bizirik plataformak, Pasaian (Gipuzkoa) egindakoa agerraldian. Pasaiako badiaren kanpoaldean instituzioek eraiki nahi duten azpiegiturak ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteak aztertu ondoren, orain bereziki arlo ekonomikoa aztertu dute ELA, LAB, EHNE eta ESK sindikatuen eta plataformaren artean osatutako elkarlanak.
Jaizkibel Bizirik plataformaren eta sindikatuen elkarlanak, Pasaiako kanpo portuaren aurka egoteko hainbat arrazoi ekonomiko azaldu dizkie instituzioei eta, oro har, gizarteari:
"Egungo portuak, jadanik, jarduerako baldintza ezin hobeak ditu. Olatu ezak urte osoan zehar eguneroko lana ahalbidetzen du, batez ere portuaren oinarri diren zamalanetarako. Duela gutxi 28.000 tonatik gorako itsasontzien sarrerak egiaztatzen du egungo baldintzak nahikoak direla beharrei aurre egiteko eta gai dela bere neurrikobeste edozein porturekin lehiatzeko. Portu Esparruen Erabilera Planaren arabera, portuak 12 milioi tonatik gora mugitzeko ahalmena du, lortu diren trafiko handienen bikoitza. Ohikoa da portuan ainguraturiko itsasontzi gutxi izatea eta kaiak hutsik ikustea, denbora luzez pilatutako merkantziekin batera".
Era berean, badia kanpoko portuaren "azken helburu ekonomikoa" zein den salatu du elkarlanak: "Eraikuntzan lanetan eta bertan zentral energetikoak kokatzean datza. Ikerketen arabera, eta Portuko Agintaritzaren Plan Estrategikoak baieztatzen duen bezala, portuaren onura ekonomikoak eraikuntza lanetan eta zentral termiko erraldoia, biodiesel fabrika eta hidrokarburo bilgunea bertan kokatzean datza. Proposatzen duten portuaren neurri izugarria ez dator bat ez aurreikusiriko edukiontzi trafiko eskasarekin ezta itsas autopista deitutakoekin ere, eta nekez aurreikusten da egungo trafikoa gehitzea. Ondorioz, lehenenik eta behin portua eraikuntza negozio izango litzateke eta bigarrenik salgaien biltegi eta jarduera kutsakorren kokaleku".
"Lanpostu berririk ez, eta daudenak kolokan"
Sindikatuen eta Jaizkibel Bizirik plataformaren esanetan, "enplegua sortzeko aurreikuspenak kea besterik ez" dira, eta ez dute inbertsiorako dirutza justifikatzen: "Portuak sortuko lituzkeen lanpostuek ez dute oinarririk, eta ez dira behar bezala zehazten. Proposatzen diren lan ekimenen arabera, lanpostu beharrak oso urriak dira, eta egungo lanak beste norabait eramateak eta zamalanak birmoldatzeak enpresek plantilak murriztea ekar lezake".
"Kanpo portuaz mintzatzen ari garen bitartean gertatzen ari dena zera da, lanetik kaleratzeak eta EEE-ak (enplegu erregulazio espedienteak) gertatzen ari direla. Hobe izango litzateke proiektuan gastatzea aurreikusten den dirutza egungo portua hobetzeko, enplegu iraunkorra bermatzeko edota ongizate gizartea sendotzen duten jarduera eta kalitatezko enpleguan (osasuna, hezkuntza, zerbitzu sozialak...) erabiliko balitz", segitzen du gaur aurkeztu duten agiriak.
"Kanpo porturako garapen ereduak lurraren eta baliabideen xahutzea dakar. Azpiegitura handien eraikuntzak baliabide naturalak xahutzen dituzte, eta gizarte osoaren ongizate eta etorkizuna kolokan jartzen dute. Lehen sektorea eragin latza jasaten ari da, eta epe ez oso luzean oso beharrezko gerta daitezkeen egungo nekazaritza lur zabalak desagertzen ari dira. Kanpo portuak egungo nekazaritzari emaniko lur sail zabalak beharko lituzke. Portuarekin batera doazen gainerako azpiegitura erraldoiek (tunelak, trenbideak, gaitasun handiko errepideak) biztanleen bizi kalitatea nabariki kaltetuko dute. Honek guztiak gainera ingurugiro kalte larri eta konponezinak sortuko ditu".
Egungo portuaren hobekuntza eta kanpo portuaren eraikuntza asmoak
Agintariek egungo portuaren hobekuntza kanpo portuaren eraikuntzaren menpe jarri nahi dutela salatu dute sindikatuek eta Jaizkibel Bizirik plataformak.
"Hiri-berritzean erabilitako estrategia berberarekin, espazioaren erabilerarako beharrezko hobekuntzak, merkantzien gobernatzea eta egungo portuak eskaintzen dituen aukeretarako egoki diren merkatu berrien bilatzea gelditzen ari dira, egoera usteltzen utziz eta bertako jendearen haserrea eraginez kanpo portua irteera bakar moduan saldu ahal izateko. Portuko Agintearen Plan Estrategikoan bertan ere merkantzien txandaketaren bitartez probetxu handiena lortzeko ikerketa proposatzen da. Garbi geratzen delarik hobetzeko aukera badagoela eta egiten den kudeaketa ez dela ona".
Alternatiba eta aterabide posibleak
"Ekonomia sustatu, baliabide naturalak errespetatu eta hiri-berritzearekin bateragarria den barne portua posible da. Portua ezin da enpresari batzuentzako eraikuntza negozioa izan, ezta ere txatarra biltegia. Guztiz bestela, ingurugiroari kalterik eragin gabe bere berezko funtzioa, hau da, zamalanak egiteko espazio eraginkorra izan behar da. Posible da espazio murritzagoa erabili eta hobe lan egitea, inguruan eragozpenak gutxituz. Portuak Gipuzkoako enpresekin lotura estuagoan lan egin dezake, era bereziki etorkizuneko sektoreetan harreman komertzialak indartuz, bere helburu bakarra salgaien kopurua pilatzea izan beharrean".
Horiek hala, Superportuaren aurkakoek nabarmendu dute proiektu horren edo bestelakoen "inposaketak eta beharrezko den eztabaida eta herritarren parte-hartzea propaganda eta moldaturiko inkesten bidez ordezkatzeak, kosta ahala kosta proiektua aurrera atera nahi dutenen demokrazia kalitate eza agerian" jartzen dutela.
Gizartea
Jaizkibelgo Superportuak ez duela enplegurik sortuko nabarmendu dute sindikatuek eta Jaizkibel Bizirik plataformak
Pasaiako badiaren kanpoaldean instituzioek eraiki nahi duten azpiegiturak ekonomia alorrean eragingo dituen kalteak azaldu ditu ELA, LAB, EHNE eta ESK sindikatuen eta plataformaren artean osatutako elkarlanak. Orain arte ingurumenari eragingo lizkiokeen kalteak aztertu badituzte, oraingoan bereziki arlo ekonomikoa aztertu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu