Elkartea osatu eta Pasaiako kanpo portua egiteko lehen izapidea martxan dute: Ingurumenaren Eragina Ebaluatzeko Aitorpena. «Arazorik ez badago, urtebeteren buruan jasoko dugu txosten hori», adierazi zuen atzo Mariano Navas Espainiako Portuetako presidenteak. «Eta, bestela, tartean arazoren bat sortzen bada, hiru urte inguru beharko dira». Behin aitorpena jasota, 8-10 urte barru Pasaiako kanpo portua eraikita egotea espero dutela adierazi zuten Jaizkibia elkartea sortu berri duten ordezkariek.
Elkartea sortu eta berehala, lehen bilera egin zuen atzo Jaizkibiaren administrazio kontseiluak, «Pasaiako badiaren egoera zein den eta etorkizuneko proiektuak zein izango diren aztertzen hasteko». Joxe Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiak gustura hitz egin zuen elkartea sortu berritan. «Erakunde arteko batzordeak zortzi urtean egindako lan dinamikari amaiera eman diogu, eta beste bati eman diogu hasiera. Urte askoan aritu gara puntu honetara iritsi nahian lanean». Jaizkibiako administrazio kontseiluak erakunde arteko batzordea garatzen ari zen jardueren plan integrala onartu zuen atzoko bileran, eta jada jarduera horiek aztertzen hasi dira. «Horiek berregituratu eta martxan jartzeko garaia da».
Baina, zalantzarik gabe, Jaizkibia elkarteak esku artean dauzkan proiektuen artean aipagarriena Pasaiako kanpo portua da. Kanpo portua egiteko oinarrizko proiektua aurkeztu zuen atzo Jose Ignacio Espel Pasaiako Portuko Agintaritzako presidenteak; kanpo portua egiteko, hiru proposamen daude bertan: superportua, portu-irla eta portu erantsia. Superportua da aztertzen hasi ziren proiektuetan lehena.
8-10 URTE KANPO PORTUA EGITEKO. Espainiako Sustapen Ministerioaren menpe dagoen Espainiako Portuetara bidaliko dute proiektu orokorra, eta behin tramite guztiak pasatuta, Espainiako Ingurumen Ministerioak ingurumena aintzat hartuta hiru proiektuetan onena dena hobetsiko du. Behin hiru proiektuetako bat hobetsita, Ingurumenaren Eragina Ebaluatzeko Aitorpena lortzeko bide luzeari ekingo diote.
«Baina aitorpen hori jaso ostean egin beharreko lanak ere luze joko du, lana itsasoa bare dagoenean egin behar baita. 6-7 urte beharko dira, beraz». Navasek zehaztu zuenez, denera 8-10 urte beharko dira Pasaiako kanpo portua egiteko. «Baina, noski, erreferentziarik ez daukagunez, datu zehatzik ezin dugu eman. Coruñakoa (Galizia) eta Gijongoa (Asturias, Espainia) soilik dira Pasaian egitekoa den portuaren antzekoak, baina biak bukatu gabe daude».
Proiektu horiekin guztiekin, beraz, Pasaiako badiak aldaketa handia izango du datozen urteetan. Etorkizuneko aldaketei begira harro hitz egin zuen Gonzalez Txabarrik. «Egitasmo hauekin guztiekin jauzi kualitatibo handia emango diogu Pasaiako badiari».
############
Pasaiako badiako proiektuak
Pasaiako badia biziberritzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak landutako hainbat proiektu aurkeztu zituen atzo Jaizkibia elkarteak. Proposamenak dira, Jaizkibiak hartu behar ditu erabakiak. Pasai San Pedrotik Donibaneraino oinezkoentzat pasabide bat egitea ere proposatu dute.Herrera
Kultur ekipamendua.
Hiriarteko ekipamendua.
Hirugarren sektorea eta etxebizitzak. Bizi-kalitatea handitu nahi dute.
San Pedro-Erlojuaren kaia
Kirol portua. Gaur egun badago, baina indartu egingo da.
Kirol ekipamendua eta etxebizitzak. Hala ere, arrantza iznago da gero ere Pasaiako badiako ezaugarri nagusia.
Donibane
Kirol portua. Gaur egun Donibanen dauden kirol baliabideak ugaritu egingo dituzte.
Kultur ekipamendua. Donibanen dagoen jauregia berreskuratzea da helburu nagusia.
Sorgintxulo
Hirugarren sektorea.
Ekipamendua. Don Bosco eskolaren inguruan ikerketarako baliabideak jarriko dituzte.
Bokaleko berriztapena
Hondartzak. Kalaburtza inguruan, batez ere, berrikuntza lanekin jarraituko dute.
Jolas eta zientzia ekipamenduak. Ondartxo inguruan.
San Pedroko dorrea. Marinelak Pasaian sartu izan direnean erreferentzia izan da eta berritu egingo dute.
Buenavista-Antxo
Hirugarren sektoreko erabilera, etxebizitzak eta itsas geltokia.
Geltokiaren lekualdatzea. Renferen geltokia lekuz aldatuko dute.
Erabilera anitzeko zabalgunea. Buenavistako kaian plataforma handi bat egingo dute, hainbat jarduera egiteko.
Ekialdeko eremua
Ekipamenduak. Zentral termikoa kendu eta hainbat ekipamendu jarriko dituzte.
Aisiagunea. Zerbitzua hobetuko dute.
Kirol portua. Oiartzun ibaiaren ibilbidea aldatu beharko litzateke.
Hirugarren sektorea. Kaputxinoetan.
############
Madrazo, Pasaiako kanpo portua egitearen aurka
Jaizkibia elkartea sortu berritan izan ziren lehen ezadostasunak. Izan ere, lehen bileran, Javier Madrazo Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako sailburuak adierazi zuen Pasaiako badia biziberritzearen alde dagoela baina kanpo portua eta zentral termikoa ez dituela begi onez ikusten. Bileran parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako hiru ordezkarietako bat izan zen Madrazo.Pasaiako badia «berehala» biziberritu behar dutela esan zuen Madrazok. «Baina horretarako Pasaia ez dugu zentral termikoen babesleku bihurtu behar. Martxan dagoen zentralarekin ez al du nahikoa sufritu Pasaialdeak?». Zentral termikoa «ahal den azkarrena» itxi behar dela ere gogoratu zuen. «Foru Aldundiak saiatu beharko luke Pasaiako zentrala Espainiak zaharkituta dauden zentralekin egiten duen zerrendan sartzen».
############
«Egitasmo hauekin guztiekin jauzi kualitatibo handia emango diogu Pasaiako badiari»
JOXE JUAN GONZALEZ TXABARRIGIPUZKOAKO AHALDUN NAGUSIA
############
«Kanpo portua egiteko lanak luze joko du,itsasoa bare dagoenean egin behar baitira»
MARIANO NAVASESPAINIAKO PORTUETAKO PRESIDENTEA
############