Gaurko espero zen Jakes Esnal euskal presoa baldintzapean askatzeari buruzko deliberoa. Parisko Dei Auzitegiak, ordea, ez du hartutako erabakiaren berri eman. Aldiz, defentsak egindako eskariari jarraikiz, auzi saioa berriz egin behar dela erabaki du, Bagoaz elkarteak jakinarazi duenez. Arrazoia: auzi horretako batzorde multidiziplinarioak ez zuela epaiketan Jakes Esnalek egindako eskariaren inguruan bere iritzia eman, horretara behartuta egon arren. Hori dela-eta erabaki du epaileak auzi saioa berriz egitea. Ez du, ordea, horretarako egunik zehaztu.
Esnalek baldintzapean libre utzi dezaten egindako bigarren eskaria da. 1990ean atxilotu zuten, Baionan, ETAko kidea izatea leporatuta. Bizi osoko kartzela zigorra ezarri zioten, eta preso dago geroztik. Haren egoera berean dira Jon Kepa Parot eta Frederik Haranburu Txistor.