Gizartea

Jangeletako langileen %85ek egin dute bat grebarekin, sindikatuen arabera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beharginak zeuden lanuztera deituta. Patronala eta Jaurlaritza hitzarmen kolektiboa negoziatzera eta lan baldintzak gainerako langileenekin berdintzera behartu nahi dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatu antolatzaileek.

2010eko urtarrilaren 26a
17:31
Entzun
Grebara deitu duten sindikatuek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jangeletako langileen %85ek egin dute bat lanuztearekin. Araban beharginen %70ek egin du greba; Bizkaian %90ek eta Gipuzkoan ere %90ek.

Sektore horretako langileek urtebetean egin duten zortzigarren greba da gaurkoa, eta protesta horren bidez hitzarmen kolektiboa negoziatzera eta lan baldintzak gainerako langileenekin berdintzera behartu nahi dituzte patronala eta Eusko Jaurlaritza.

Nolanahi ere, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak direla salatu dute grebaren antolatzaileek: 2 eta 3 urteko haurren begiraleen %80k joan behar zuen lanera gutxieneko zerbitzuak betetzeko eta jangelako eta sukaldeko langileen %10ek ere bai. Sindikatuek kritikatu dute "gehiegizko" gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko Jaurlaritzak argudiatu duela jangeletakoa "ezinbesteko" zerbitzua dela. Aitzitik, zerbitzua ematen duten langileen baldintzak erabakitzerakoan "ezinbestekotasun" hori ez dela aintzat hartzen diote.

Etzirako ere greba antolatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.