'Haika-Segi auzia' / Epaia

Jarrai, Haika eta Segi ez direla "erakunde terroristak" ebatzi du Espainiako Auzitegi Nazionalak

Bi urte eta erdi eta hiru urte eta erdi arteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Espainiako Auzitegi Nazionalak 'Haika-Segi auzian' epaitutako 28 gazteetarik 24ri. Zehazki, gazte horiek "legez kontrako elkarteko buruzagi edo kide" direla dio epaiak, baina, era berean, Jarrai, Haika eta Segi ez direla "erakunde terroristak" ebatzi du, "ETAren helburuekin bat egin arren" ez dutelako inoiz armarik erabili. Epaituei ezarri dizkieten zigorrak Fiskaltzak eskatutakoak baino nabarmen txikiagoak dira. Gainera, epaituetako lau absolbitu egin ditu tribunalak. Fiskaltzak epaia errekurrituko duela iragarri du; neurri bera hartuko duen aztertzen ari da defentsa.

2005eko ekainaren 20a
19:35
Entzun
Enrique Molina fiskalak eta AVT Terrorismoaren Biktimen Elkartea ordezkatzen zuen akusazio partikularrak "ETA erakunde armatuko kide izatea" leporatu zienepaituetako bakoitzarik, eta hargatik zigortzea eskatu zuten; zehazki, 10 urteko espetxe eskaerak egin zituzten akusatuentzat.

Epainiako Auzitegi Nazionalak gaur plazaratu duen epaiaren arabera, ordea, Jarrai, Haika eta Segi ez dira "erakunde terroristak": epaimahaiak argudiatu duenez, "ETAren helburuetatik hurbil zeuden xede ideologikoak izan arren", erakunde horiek ez zuten armarik erabilzen, eta, beraz, ez dira "erakunde terroristak". Hain justu, Espainiako Auzitegi Gorenak 'Marey auzian' erakunde zer den erabakitzeko ezarri zituen irizpideak erabili ditu epaimahaiak ondorio horretara iristeko: batetik, "delituak egiteko helburua duen erakundea izatea", eta, bestetik,

"talde hori armatua izatea".

"Erakunde terrorista" ETA baino ez

Ildo horretatik, "erakunde terrorista" ETA baino ezin dela izan ebatzi du epaimahaiak, eta horretarako Espainiako Auzitegi Goreneko 61. Salak Batasuna legez kanpo uzteko eman zuen epaian oinarritu da. Epai horretan esaten da borroka armatua aurrera daramanari baino ezin zaiola atxiki talde armatu izaera, eta ETAri helburuetan jarraitzen diotenak baina armarik erabili gabe legez kontra ari direla, baina ez dutela "jarduera terroristarik" aurrera eramaten.

Ildo horretatik, gazte erakunde horiek guztiak "legez kontrakoak" direla erabaki du Auzitegi Nazionalak: batetik, ETAren helburuak laguntzen dituztelako, eta, bestetik, "ondarearen zein bestelako ondasun pertsonalen —hala nola, askatasunaren eta segurtasunaren— kontrako ekintzak eta atentatuak egitea helburu duelako. Arrazoi horri helduta ezarri die hiru urte eta erdiko espetxe zigorra epaitutako 16 gazteri (legez kontrako erakundeko buruzagi direlakoan), eta bi urte eta erdikoa beste zortziri (legez kontrako erakundeko kide izatea egotzita). Beste lau, berriz, absolbitu egin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.