"Jarraitutasunaren aldeko apustua" egin du Nafarroako EH Bilduk 2019ko maiatzeko udal hauteskundeetarako, "hitzaren zentzurik onenean". Nafarroako lehendakaritzarako hautagai Bakartxo Ruizek azaldu duenez, orain arte egindako lanak "aldaketaren bidean" jarri ditu udalerri horiek, "urte luzeez herritarrei begiratzetik urrun egon ziren politiken ondoren".
Hurrengoak dira EH Bildurekin bigarren aldiz aurkeztuko diren alkategaiak: Oihaneder Indakoetxea (Barañain), Koldo Leoz (Lizarra), Ander Oroz (Antsoain), Mikel Oteiza (Atarrabia), Raul Maiza (Berriozar), Joseba Otondo (Baztan), Mikel Zabaleta (Leitza) eta Aitor Larraza (Irurtzun). Koalizio subiranistak esana zeukan Iruñeko alkategaia nor izango den: Joseba Asiron, oraingo alkatea.
Lehen aldiz zerrendaburu izango direnek ere badute esperientzia udalgintzan. Burlatan, Berta Arizkun izango da alkategaia; Zizur Nagusian, Jose Angel Saiz; eta Beran, Aitor Elexpuru —zinegotziak dira denak gaur egun—. Eguesibarreko alkatetzarako, berriz, Ainara Gonzalez aurkeztu dute.
Parekidetasunaren erronka
Gaur egun, 39 alkatetza eta 309 hautetsi ditu EH Bilduk Nafarroan. 2015ean, 68 hautagaitza aurkeztu zituzten udal bozetan, eta hurrengo urterako kopuru hori gainditzeko asmoa dute.
Ruizek aitortu du, gainera, "arazo bat" daukala EH Bilduk ere "emakumeek ardurak hartzeko", eskubide bera izan arren: "Argi dago, argazkia den bezalakoa da". Lehendakarigaiak oroitarazi du, hala ere, EH Bildu ez dela salbuespena horretan, emakumeen egoera ez delako oraindik parekidea gizartean: "Ahalegina egiten ari gara, eta balioa eman behar zaio horri, baina jarritako helburuak ez ditugu beti lortzen".