Aieteko adierazpenean duela bi urte eta erdi erranei begira ETAk bere aldetik eskatu urratsak bete dituela nabarmendu du, "baita gehiago ere". Eta orain, desarmatzeari begira beste aldeari dagokiola "inplikatzea" , "armak norbaiti beharko zazkiolako itzuli", EH Baiko Anita Lopeperen hitzetan.
Atzo berean Manuel Valls Frantziako Barne ministroak egin adierazpenei ere erantzun die. "Ez dago bake prozesurik, terrorismoa bukatzeko prozesua baino ez dago" adieraz zuen ministroak. EH Bairentzat, berriz, Frantziaren partetik "ezin da horrela pasa" Peio Etxeberri-Aintzartek esan duenez, eta urrats hori ez dela "anedotikoa" ohartarazi dio ministroari.
Frantziaren "aitzaki merkeak" salatu dituzte, Espainiarekin lerrokatze hori, "menpekotasun diplomatikoan". Frantzia estatu subiranoa dela eta beste batzuetan badakiela hitza hartzen eta engaiatzen gaineratu du Lopepek. Presoen gaian eta gatazkaren alde guztietako biktimen aitortzan, besteak beste, Frantziak baduela erantzunkizuna errepikatu dute.
Frantzia eta Espainiaren inplikazioa eskatzeaz gain, tokiko eragile sozial eta politikoen inplikazio beharra ere berretsi dute. Mezu eta adierazpenetatik "urrats konkretuetara" pasatzeko garaia dela. Testuinguru horretan, heldu den larunbatean, martxoaren lehenean Baionan iraganen den Bake Foroaren garrantzia azpimarratu dute.