Euskal Herriko gatazka

"Jarrera dialektikoetatik ekintzetarako" urratsa egiteko eskatu die Batasunak Espainiako eta Frantziako gobernuei

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak atzo egindako adierazpneak "bere neurri justuan" aintzat hartu behar direla adierazi du gaur Pernando Barrena Batasuneko bozeramaileak, baina, hala ere, benetan bake prozesu bat abian jartzeko borondatea badute "jarrera dialektikoetatik ekintzetarako" urratsa egiteko eskatu die Madrilgo zein Parisko gobernuei. EAren iduriko, berriz, Batasuna eta Zapateroren Gobernua harremanetan dira; areago, harremanak gobernu horren eta ETAren artekoak direla uste du Aralarrek.

2005eko urtarrilaren 20a
16:51
Entzun
Barrenak adierazi du ezker abertzalearen "bake eta demokrazia eszenatok baten aldeko apostuak" ezin duela aurrera egin "alde bakarrekoa" bada, eta, ondorioz, Espainiako eta Frantziako gobernuei galdegin die "jarrera adierazpenetatik eta dialektikatik" ekintzetara igarotzeko.

Nolanahi ere, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak atzo egindako adiraezpenak aintzat hartzeko modukoak direla erantsi du Barrenak, baina "bere neurri justuan" zehaztu du. "Espainiako presidente jaunak esandakoa aintzat hartu behar da, eta aintzat hartu behar da bere neurri justuan. Esan behar dugu orain arte Espainiako Gobernutikdatorren guztia jarrerak eta hitzak besterik ez direla, eta guk nahiago genuke balorazio politikoak egiterakoan balorazio horiek luzatzea praktika politiko zehatzetara. Gu horren zain gaude", azaldu du.

Ibarretxeren Plana ez dela baztertu behar uste du EAk

Batasunak ez ezik, EAk eta Aralarrek ere hitz egin dute balizko bake prozesu bati buruz. Ildo horretatik, Begoña Errazti EAko presidentearen aburuz, Espainiako Gobernu sozialista eta Batasuna harremanetan dira. "Hitz egin dute, eta normala da. Niri oso ondo iruditzen zaizkit elkarrizketa horiek, prozesurako ezinbestekoak baitira", adierazi du gaur goizean Gasteizen. Dena den, zuhurtzia behar dela erantsi du: "Iruditzen zait orain dela zuhurtziaren eta lasaitasunaren momentua, lan handiaegitekoa, isilpean eta serio. Eta hori egin eta gero ETAk armak uztekoa", nabarmendu du.

Batasunaren eta sozialisten arteko harremanen alde egon arren, harreman horien ondorioz ez dela EAEko Estatautu berrirako proposamena baztertu behar erantsi du Erraztik. Hain justu, hurrengo legengitzaldian ekimenarne defentsa egiten jarraituko duela EAk agertu du.

Prozesuan indar guztiek parte-hartzea galdegin du Aralarrek

Aralarreko koordinatzaile Patxi Zabaletak, berriz, Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean elkarrizketa prozesua abian dela uste du, eta prozesu horrek urduritasuna sortu duela zenbait sektoretan, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako hirukoan. Aljerko negoziazioen tankera bertsukoak ikusten ditu Zabaletak egungo harremanak,eta oroitarazi du elkarrizketarako eredu bat baino gehiago dagoela. "Gogoan izan behar da ez dagoela negoziaketa eredu bat bakarrik: badago Lizarra-Garaziko eredua –abertzaleok bildu eta gero estatuarekin hitz egin— eta badago Aljerko eredua, eta eredu haren ildotik doa gehiago oraingoa”, agertu du. Ingurumari horretan, indar guztien parte hartzea bermatuko duen prozesu baten alde agertu da Aralarreko koordinatzailea:. "Garrantzitsua da guztion parte-hartzea, proiektu guztien parte-hartzea bermatzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.