EUROPAKO PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK

Jarrera kontrajarriak azaldu dituzte Europako hautagaiek erabakitzeko eskubidearen inguruan

Eztabaida egin dute Europako Batzordea zuzentzeko hautagaiek. Erabakitzeko eskubidea defendatu dute ALDEk eta Berdeek.

Europako hauteskundeetarako hautagaiak, eztabaidan. OLIVIER HOSLET / EFE
jon olano
2014ko maiatzaren 16a
10:57
Entzun

Ekonomia, Euroeszeptizismoa, kanpo poltika, eta baita erabakitzeko eskubidea ere. Besteak beste gai horiek izan dituzte hizpide Europako Batzordeko presidente izateko hautagaiek. Guy Verhofstadt ALDE Europako Liberal Demokraten Aliantzako ordezkaria, Martin Schulz PES Europako Alderdi Sozialistakoa, Jean Claude Juncker EPP Europako Alderdi Popularrekoa, Alexis Tsipras Europako Ezkerreko Alderdikoa eta Ska Keller Berdeen Europako Alderdikoa izan dira eztabaidan.

Erabakitzeko eskubidearen alde mintzatu dira Verhofstadt eta Keller. Verhofstadten ustez, Europako Batasunak ez du parte hartu behar Kataluniakoa bezalako prozesu batean, "eta batez ere ez du parte hartu behar modu negatiboan, orain egiten ari den bezala". Uste du beharrezkoa dela jakitea jendearen iritzia: "Ezin dugu eraiki herritarrek erabaki ezin duten EB bat".

Kellerrek ere Kataluniaz eta Eskoziaz jardun du: "Eskoziarrek eta Kataluniarrek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea izan beharko lukete. Ni Europako Batzordeko presidentea banaiz, gustu handiz hartuko nituzke independenteak izatea erabakiko balute. Ongietorria emango nieke EBra".

Bestelako jarrera izan dute gainerako hautagaiek. Tsiprasek esan du errespetatu egiten duela erabakitzeko eskubidea, baina gaineratu du herrien arteko "talkek" ez dutela emaitza onik" eragiten. Alde horretatik, Katalunia eta Eskoziarentzat "autonomia zabalagoa" proposatu du.

Junckerrek Espainiaren barne arazotzat jo du Kataluniako prozesu subiranista, eta EBk eztabaidan ez parte hartzearen alde egin du: "Konstituzio nazionalak errespetatzearen aldekoa naiz".

Schulzek, berriz, nabarmendu du EBk estatu federal baten gisara funtzionatzen duela eta estatu subiranoen batasuna dela. Nolanahi ere, kasu bakoitza ezberdina dela azaldu du: "EBk ezin du modu bakarrean erantzun. Eskoziak baietz bozkatuz gero, prozedura bat izango da EBn sar dadin. Baina hori ezin da beste herrialde batzuetara zabaldu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.