TAT Torturaren Aurkako Taldeak jakitera eman duenez, Teruelgo Instrukzio epaitegian (Aragoi, Espainia), 2004an jasan zituen torturak berretsi ditu Beñat Barrondok (Ugao, Bizkaia). Hiri hartako espetxean dute preso Barrondo, bost urteko kartzela zigorra betetzen.
2004an atxilotu zuen hura Guardia Zibilak eta, bost egun inkomunikatuta igaro ondoren, torturak salatu zituen.
"Ikerketa Madrilgo 45. Instrukzio Epaitegiari egokitu zitzaion, eta salaketa ezarri eta lau urtera deitu dute deklaratzera. Salaketa, 2004.ko uztailaren 7an ezarri zuen epaitegian", azaldu du TATek.
"Salatu nahi dugu lau urte itxoin behar izan ditugula deklarazio hau gerta dadin. Salatu nahi dugu ere, orain arte eskatu ditugun frogak ez direla praktikatu, eta bereziki mediku txostenak falta direla. Txosten hauetan Beñat Barrondori inkomunikazio garaia amaitu ondoren atera zitzaizkion argazkiak daude, epaitegiak oraindik ikerketara gehitu ez dituenak".
TATek kasu honen zein gainontzeko kasu guztien benetako ikerketa eskatu du. Eskura dauden froga guztiak erabil daitezen galdegin du, halaber; "jakin badakigulako, inkomunkazio egoerak batetik, eta torturatu duten Espainiako Polizia, Ertzaintza edo Guardia Zibilen profesionaltasunak bestetik, oso zail egiten dutela tortura zantzurik aurkitzea".
"Instrukzio epaileek ez badute euren lana arduraz eta ganoraz betetzen, inpunitateari ateak parez pare irekitzen dizkiote eta torturak bizirauteko beharrezkoa duen arnasa hartzen du", ohartarazi du Torturaren Aurkako Taldeak.
Tortura
Jasandako torturak epaile aurrean berretsi ditu Beñat Barrondok
Torturak 2004an jasan arren, presoari orain arte horien gaineko deklaraziorik ez diotela hartu salatu du Torturaren Aurkako Taldeak. Gaurko deklarazioa eskuak lotuta eta Espainiako bi poliziaren aurrean egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu