Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

Jauregi ziur da EAJk ez duela EH Bildurekin bat egingo bozen ondoren

Gainontzekoak baztertuta, koalizio aukera bakarra jeltzaleen eta sozialisten artekoa dela dio buruzagi sozialistakHogeita hamar urteko ibilbidea itxita, Egigurenek ez du Legebiltzarrean jarraituko

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ramon Jauregi sozialista ziur agertu da urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ondotik EAJk eta EH Bilduk ez dutela akordiorik egingo Eusko Jaurlaritza osatzeko, uste baitu hori ez dela Iñigo Urkulluren alderdiak egin dituen «kalkuluetan» sartzen. Jauregiren ziurtasuna bi ildo abertzaleen arteko lehian oinarritzen da: «Esparru abertzalean barne lehia estua dago, baina ziurrenera bietako inori ez zaio interesatzen lehia hori formalizatzea», uste du Jauregik; baina, era berean, hau ohartarazi du: «Koaliziorik okerrenak gertuen dauden alderdiek osatzen dituzte».

Radio Euskadi irratiari emandako elkarrizketan azaldu zuen bere uste osoa buruzagi sozialistak. Jauregik ezinezko ikusten ditu beste bi akordio: EAJren eta PPren artekoa bata, eta PSE-EEren eta EH Bilduren artekoa bigarrena.

Jauregik ez zuen aipatu ere egin sozialistek eta PPk berriro bat egiteko aukera, eta matematikoki lor ezin daitekeen gehiengotzat duela iradoki zuen.

Ondorioz, EAJ eta PSE-EEren ustezko itunaren alde mintzatu zen 1986ko bozen ondoren Jose Antonio Ardanza jeltzaleak osatu zuen jaurlaritzako lehendakariorde izan zena. «Bertute garrantzitsuak dituen formula dela frogatu zuen iraganean», esan zuen Jauregik; «haren zordun naiz».

Egigurenen agurra

Atzo Oscar Rodriguez PSE-EEko legebiltzarkideak baieztatu zuen PSE-EEko lehendakari Jesus Egigurenek amaitu egin duela Eusko Legebiltzarrean duela ia hogeita hamar urte hasitako ibilbidea; hain zuzen ere,1983ko urtarrilean izendatu zuten legebiltzarkide. Egiguren Gipuzkoako sozialisten zerrendetan azkena joango da bozetara, eta ez du, beraz, hautatua izateko aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.