Euskal Herria

Jauregik dio ezinezkoa dela Ibarretxeren plana eta PSE-EEren estatutu erreforma bat etortzea

PSE-EEk egin nahi duen estatutu erreforma eta Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek egindako Estatutu Berrirako Proposamena bateraezinak direla uste du Ramon Jauregi PSE-EEko buruzagiak. "Ura eta olioa bezala dira" esan du. Radio Euskadin azaldu duenez, Ibarretxeren planak "independentziara bidean marku juridiko politikoari aldaketa zakar bat" eman nahi dio, eta PSE-EEren helburua, berriz, "Espainiako konstituzioaren baitan markuaren autogobernua handitzea" da.

2004ko abuztuaren 24a
13:10
Entzun
PSE-EEko buruzagi Ramon Jauregik esan duenez, beraiek ez dute estatutuaren erreformarako proposamena Ibarretxeren planaren eztabaidara eramango, izan ere, horrek lehendakariaren proposamenari zilegitasuna emango liokeela uste du.

Beraien proposamena "oposizioko alderdi baten proposamena da, eta PSE-EEren alternatiba erakusteko helburua du", azaldu duenez.

Datorren maiatzean egingo diren autonomia hauteskundeen aurretik bi proposamenak ez direla bat etorriko azpimarratu du. "Herriak esango du, eta horren arabera ikusiko da nola moldatu daitezkeen proposamenak". Orduan ere Ibarretxek sakoneko jarrera aldaketarik ez duela egingo uste duela gaineratu du.

SAren bozkak baliozkoak

Eusko Legebiltzarrean Sozialista Abertzaleak taldeak ematen dituen bozkak baliozkoak direla uste du Jauregik. Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuela SA baliogabetu azpimarratu du, eta hango legebiltzarkideak talde mixtora pasatzeko agindua eman zuela gogorarazi. Hala eta guztiz, Jauregik ez du espero SAk Ibarretxeren planaren aldeko bozka ematea, "ezker abertzaleak ez du nahi EAJk bere historia kapitalizatzea eta beren zioen protagonista izatea".

"Ibarretxeren plana ETAk indarkeria uztearen truke nazionalismoak egin duen proposamen da, ETAren helburuak bere eginez".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.