EspainiakoGorteetarako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Jauregik galdetu du ea PPk 2013. urterako itxiko duen Garoñako zentral nuklearra

Energia nuklearra progresiboki berriztagarriarekin ordezkatzearen alde azaldu dira sozialistak

Eduardo Madina, Iñaki Arriola, Odon Elorza eta Ramon Jauregi, atzo Donostiako agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARP.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
«Anbiguotasunak» utzi, eta PPk Garoñako zentral nuklearra (Burgos, Espainia) itxiko duen galdetu zuen atzo Ramon Jauregi Espainiako Kongresurako PSE-EEren Arabako zerrendaburu eta Lehendakaritza ministroak. Gasteizen, Salburuko hezegunean egin zuen agerraldia, eta adierazi zuen euskal gizarteak, bereziki arabar eta gasteiztarrek, alderdi popularraren erantzuna «merezi» dutela: «Bai ala ez?».

Espainiako Gobernuak, 2009ko uztailean, Garoñako zentral nuklearra 2013an ixtea adostu zuen. Erabaki horren aurkako helegitea jarri zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, baina gobernuaren agindua «bidezkoa» zela ebatzi zuten magistratuek.

PP, baina, Garoña 2013rako ixtearen aurka agertu da behin baino gehiagotan. Mariano Raxoik adierazi zuen gobernuan den bitartean ez duela itxiko Burgosko zentral nuklearra. FAES fundazioak 60 urtera luzatu nahi du zentral nuklearren iraupena. Erabaki horrek Garoña «beste hogei urtez irekita mantentzea» ekarriko lukeela ohartarazi zuen Jauregik. Arabako PP iritzi berekoa den galdetu zuen.

Lehendakaritza ministroaren aburuz, 42 urteko iraupen erabilgarria «nahikoa» da Garoñaren moduko zentral nuklear batentzat. Energia berriztagarriek energia nuklearra «progresiboki» ordezkatu behar dutela azaldu zuen. Hala, jakinarazi zuen 2011n Espainiako energiaren %35 berriztagarria dela.

Energia jasangarriaren alde

Ildo berari eutsi zioten Juan Moscoso eta Maria Txibite PSNko Kongresurako eta Senaturako hautagaiek Iruñeko Ziudadelan eginiko agerraldian. Energia berriztagarrian oinarrituriko eredu iraunkor baten alde agertu ziren. Jauregik bezala, zentral nuklearrak «modu progresiboan» ixtearen alde egin zuten.

Sozialistak gobernura iritsiz gero ingurumenaren aldeko neurriak hartuko dituztela ziurtatu zuen Moscosok. Hala, egin beharreko lanetan aipatu zituen: Natura 2000 sarea sustatzea, Kosta Lege berria egitea, aldaketa klimatikoaren legea adostea eta energia aurrezteko legea onartzea. Iraunkortasunean oinarrituriko eredua jorratuko dutela jakinarazi zuen Txibitek. Espainiako Gobernuak egindako lana babestu zuen, haren aburuz «lan asko» egin baita.

Rubalcabarik gabe, AHTrik ez

Donostian egindako agerraldian, Odon Elorza Kongresurako Gipuzkoako zerrendaburu sozialistak ziurtatu zuen AHTa aurrera eramateko «ezinbestekoak» izan direla. Elorzaren esanetan, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidente bihurtzen ez bada, ezingo da ziurtatu abiadura handiko trena «garaiz» amaitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.