Jauregik uste du Lopezen dekalogoa «etorkizuneko ibilbide orria» dela

Presidentetza ministroak dio lehendakariaren proposamenean Ajuria Eneko Itunaren muina dagoela

edurne begiristain
Gasteiz
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Patxi Lopez lehendakariak joan den irailaren 29an Legebiltzarrean egindako proposamena babestu zuen atzo Ramon Jauregi Espainiako Gobernuko Presidentetza ministroak. ETAk indarkeria behin betiko utzi eta bakeak atzerakorik ez duela erakusten badu«presoen bergizarteratzearen aldeko bidea» bultza daitekeelauste du Presidentetza ministroak. «Lehendakariaren dekalogoa etorkizunerako benetako ibilbide orria da», Jauregik azpimarratu duenez.

Estatuko Aldizkari Ofizialean euskal legeak eta lege mailako arauak euskaraz argitaratzeko hitzarmen bat sinatzeko batzartu ziren atzo Lopez eta Jauregi, Lehendakaritzako egoitzan. Bileraren ostean, komunikabideen aurrean egindako agerraldian,lehendakariak bake bidean aurrera egiteko Eusko Legebiltzarrean proposatutako hamar neurriak babestu zituen Presidentetza ministroak.Haren ustez, lehendakariaren proposamenean Ajuria Eneko Itunaren muina dago. Zehazki, itun horren bederatzigarren eta hamargarren puntuetatik gertu dago Lopezek espetxe politika malgutu eta presoak hurbiltzeko aukeraz egindako proposamena, Jauregiren arabera.

Jose Antonio Ardanzak argitaratu berri duen memoria liburuan dioenari buruz ere galdetu diote Presidentetza ministroari. Ardanzak liburuan dioenez, Ajuria Eneko Itunean idatzi gabeko atal bat zegoen, non presoak kalera ateratzeko aukera jasota zegoen. Hori hala ote zen ez du baieztatu Jauregik: «Idatzi gabe dagoena ez da existitzen», erantzun du.

Amnistiarik ez

EAEko lehendakariak, berriz, Legebiltzarrean egindako proposamenari buruzko ñabardura batzuk egin ditu. Azaldu duenez, espetxe politika «malguago» bat egiteaz hitz egin zuen osoko bilkuran, baldin eta ETAk indarkeria behin betiko uzten badu. Lehendakariarentzat espetxe politikaren helburuak presoen bergizarteratzea izan behar du, baina «malguagoa» izan daiteke eta presoen hurbilketa progresiboa jaso dezake, ETAk indarkeria uzten duela iragartzen badu. Gainera, espetxe politikaren aldaketa hori«adostasunaren» bidetik egin beharko litzatekeela uste du lehendakariak.

Hala ere, euskal presoei amnistia emateko aukeraren aurka agertu da lehendakaria, Konstituzioaren aurka doala argudiatuta. «Amnistiaren aukera inork ez du aintzat hartzen. Sistema konstituzionalbatean espetxe politikaren helburua bergizarteratzea izan behar du, eta prozesu horrek banakakoa izan behar du, ez taldekakoa».

Bestetik, ezker abertzalea biktimen aitortzarako lantzen ari den adierazpenaren inguruan galdetu diote lehendakariari. Hark esan du aspalditik espero dela ezker abertzaleak biktima guztiekiko aitortza egitea, eta hala egiten badu poztu egingo dela. «Txalotuko nuke ezker abertzaleak norabide hori hartuko balu eta orain artekoa baztertuko balu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.