Jaurlaritza: "Ebazpenak errealitate bati aitortza legala eman dio"

Erreakzioak. Nafarroako Gobernua: "Alderdi demokratikoa izatetik urrun dago Sortu". EH Bilduko EA, Aralar eta Alternatibak diote oraindik badirela beste auzi batzuk. EAJk esan du erabakia positiboa dela.

2012ko ekainaren 20a
12:49
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza: "Konstituzionalaren ebazpenak errealitate bati aitortza legala eman dio, ezker abertzalea erakundeetan badagoelako. Errespetatu eta onartu egiten dugu erabakia".

Jose Luis Sanchez de Muniain (Nafarroko Gobernua): "Konstituzionalaren erabakia errespetatzen badugu ere, nahiago genuen Gorenarenari eutsi izan balio. Sortu, Bildu eta Amaiur bezalakoek, ETArengandik urrundu baino gehiago, erakundeak baliatzen dituzte ETAkoak direnak erakundeetara gerturatu eta biktimen pare jartzeko. Alderdi normala eta demokratikoa izatetik urrun dago Sortu".

Josu Erkoreka (EAJ): "Ezker abertzalearen parte hartze instituzionala normalizatuta zegoen, eta orain juridikoki ere normalizatu egin da. Erabakia, berandu etorri den arren, positiboa da".

Patxi Zabaleta (Aralar): "Sorturen legalizazioa albiste ona da demokrazia eta normalizazioa egonkortzeko eta bakearentzat. Baina oraindik legez kanpokoak diren alderdiak daude. Sorturen legalizazioak helburu berriak ezartzera behartzen gaitu biktimen, presoen edota elkarbizitzaren esparruetan".

Pello Urizar (EA): "Sorturen legeztatzea beharrezkoa zen Euskal Herriko normalizazio prozesuan aurrera egiteko eta independentismoaren ekintza politikoari bultzada berri bat emateko. Bateragune auziko presoak askatzeko exijitzen dugu".

Oskar Matute (Alternatiba): "Norabide onean doan erabakia da, baina auzitegietan oraindik martxan dauden prozesu politiko guztien amaiera exijitzen dugu".

Jose Antonio Pastor (PSE-EE): "Indarkeriaren behin betiko bukaera lortzeko prozesua azkartu egingo du Sorturen legeztatzeak, eta Euskadiko bizikidetza indartu egingo du. Sortu estatutuetan ETAren indarkeriaren aurka irmo mintzo da, eta horrek ahalbidetu du legeztatzea. Albiste ona da auzitegiaren erabakia. Espainian demokraziak funtzionatu egiten duen seinale da, era berean".

Uxue Barkos (Geroa Bai): "Albiste ona da Sorturen legeztatzea, ospatu beharrekoa".

Mikel Arana (Ezker Anitza-IU): "Albiste ona da. Datozen hauteskundeetan aukera politiko guztien parte-hartzearekin ilegalizazioen zikloa itxiko da. Normalizazio prozesuaren bidean aurrerapausoa da. Bateragune auziko epaiak are eta logika gutxiago du orain, beraz, bost auzipetuak aske utzi beharko lituzkete".

Jose Navas (Ezker Batua): "Herritar batzuei eskubide bat ukatu zieten. Alderdien Legea eraginik gabe uzten ari dira auzitegiak".

Joan Tarda (ERC): "Demokraziari ezin zaizkio ateak itxi. PPk ideiak kriminalizatu nahi zituen, eta orain ikusi egin beharko da zer heldutasun politiko erakusten duen. Gu Sortu erregistratzearen alde egon gara beti".

Josep Antoni Duran Lleida (CiU): "Errespetua agertzen diogu erabakiari. Euskal Herriko aniztasunaren isla da Sortu".

Rosa Diez (UPD): "Erabakia legezkoa da, baina ez da justua. Demokraziaren etsaiak erakunde demokratikoetan ez sartzeko Alderdien Legea berrikusteko eskatuko dugu, agian".

Lokarri: "Sorturen debekua alderdien artean elkarrizketa izateko eragozpen bat zen. Orain ez dago aitzakiarik".

Angeles Pedraza (AVT): "Zapateroren gobernuak ETAren izandako negozioa bururaino eraman du PPrenak".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.