zentsura mozioa espainian

Jaurlaritza "leial" izango zaio Madrili, gobernuan "edonor dagoela ere"

Josu Erkorekak esan du Espainiako Gobernuarekin "leialtasunean, lankidetzan eta eraginkortasunean" oinarritutako harremana duela Jaurlaritzak.

Josu Erkoreka, duela bi asteko gobernu kontseilu osteko agerraldian. DAVID AGUILAR / EFE
jon olano
2018ko maiatzaren 29a
18:58
Entzun

Espainiako Gobernuaren buruzagitzan "edonor dagoela ere", Eusko Jaurlaritzak "leialtasunez" jokatuko du harekin. Horrela ziurtatu du Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura mozioaz galdetuta.

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseilu osteko agerraldian, Erkorekak azaldu du Jaurlaritzan bazkide diren bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE, ez datozela bat zentsura mozioaren aurrean izan beharreko jarrerarekin, eta, beraz, Jaurlaritzak ez duela posizio "irmo eta ofizial bat". Hala ere, gobernuak "konpromisoa" du Madrilekin "modu eraikitzailean" lan egiteko.

Halaber, Erkorekak espero du zentsura mozioaren balizko onarpenak ez oztopatzea Espainiako aurrekontuetan Euskal Autonomia Erkidegorako jasota dauden "agindutako inbertsioak". Edozein gisaz, hori "Eusko Jaurlaritzatik harago dauden faktoreen mende" dago.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean egin bezala, "egonkortasunera" deitu du Erkorekak, gogorarazita Espainiako Kongresurako hauteskundeak egin zirela 2015ean eta 2016an, eta zentsura mozioak aurkeztu zirela iaz eta beste bat orain: "Ezegonkortasun iraunkor hori da lehendakariak Euskadirentzat nahi ez duena".

Sanchezen deia Ortuzarri

Espainiako Kongresuan etzi hasiko dira eztabaidatzen Rajoyren kontrako zentsura mozioa, eta bozketa ostiral eguerdirako espero da. PSOEk aurkeztu du mozioa, baina, oraingoz, Unidos Podemosen babesa baino ez du ziurtatua. EAJk eta EH Bilduk oraindik ez dute jakinarazi zer bozkatuko duten ostiralean.

Ildo horretan, Aitor Esteban EAJko diputatuak jakinarazi du jeltzaleek ez dutela oraindik erabaki mozioa babestuko edo baztertuko duten. Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiari eskatu diote "zalantzak argitzeko" eta "zehazki azaltzeko zertarako" aurkeztu duen mozioa. Estebanek azaldu duenez, Sanchezek astelehen iluntzean hots egin zion Andoni Ortuzar EAJko presidenteari, bilera bat egin eta mozioaz hitz egiteko, baina oraindik ez dute batzar hori egiteko datarik zehaztu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.