Eusko Jaurlaritzak lurpeko energia baliabideak ezagutzearen aldeko apustua berretsi du Eusko Legebiltzarreko Ingurumen Batzordean. Arantza Tapia Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuneko sailburuak eta Luis Muñoz SHESAko zuzendari berriak esku artean dituzten ikerketa baimenen egoera azaldu dute, baita bi data eman ere.
Alde batetik, lehen zundaketa itsasoan izango dela jakinarazi du Tapiak, "2016an edo 2017an" Fulmar-1 zundaketa egingo dute, Bizkaiko golkoan. Bestetik, Enara ikerketa baimeneko zundaketak hasteko tramiteak 2017rako prest egon daitezke. Tapiak eta Muñozek jakinarazi dute Merindad de Montijan (Burgos, Espainia) Angosto-1 putzua egiteko baimena eskatu dutela, baina izapide hori atzeratuago dagoela gaineratu dute.
Zundaketak egiteko datak iragarri arren, ez Tapiak ezta Muñozek ere ez dute argitu haustura hidraulikoa erabiliko duten Enara-1, Enara-2 edota Angosto-1 ikerketa zundaketak egiteko. Muñozek argitu du haustura hidraulikoa erabiltzea "ohikoena" dela, baina bestelako teknikak daudela ikerketa hori egiteko.