«EAEko ekonomia orekatua da eta egitura osasuntsua du», laburbildu zuen lehendakariordeak, joan den urteko balantze ekonomikoa aurkezteko ekitaldian. Hurrenez hurren, Europako Batasuneko eta Euroguneko hazkundeak baino %1 eta %1,2 gehiago egin zuen aurrera berriro ere BPGak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan.
Eraikuntzaren ekarpena ia erdira (%2,1) murriztuko bada ere, industriak ekonomiaren zutabe nagusi gisa lekukoa hartuko du. «Inbertsioa berriro ere eskaeraren motorra izango da, eta, eraikuntzaren ordez, ekipo ondasunak nagusi izango dira», Zenarrutzabeitiaren hitzetan. Inbertsio orokorra %5,9 handitu zen iaz, eta aurten %4,9 izango dela kalkulatu dute. Orotara, BPGaren ia heren bat da dagoeneko inbertsioaren pisua.
Hala ere, nazioarteko giroaren ondorioak ere nabaritzen hasi dira. Kontsumo pribatuak, esaterako, hiruhilabetez hiruhilabete atzera egin du, eta aurten are gehiago murriztuko da. Jaurlaritzak interes tasen igoerari, inflazioaren hazkundeari, eta finantza merkatuen arazoen ondorioz atzeraldi posible baten inguruan sortu den «presio mediatikoari» egotzi dio eskaeraren uzkurdura.
Inflazioaren datua ere «oso kezkagarritzat» jo du gobernuaren azterketa ekonomikoak. 2007 urteko lehen zortzi hilabeteetan euroguneko batez bestekoetan egon eta Europako Banku Zentralak (EBZ) ezarritako helmugara hurbildu ondoren, azken hiruhilabetean %4,2raino igo zen.
ENPLEGUAN ERAGINIK EZ. Ekonomiaren hazkunde moteltzeak ez du esan nahi enplegu berriak sortuko ez direnik. Iaz baino gutxiago izango dira, baina, hala ere, 18.000 eta 20.000 enplegu sortzea espero dute 2008an. Langabezian, dena den, %0,1eko igoera aurreikusten du ekonomia azterketak.
Iaz industrian eta eraikuntzan 1.000 lanpostu garbi baino gehiago sortu ziren. Edonola ere, berriro zerbitzuek eutsi zioten enpleguaren hobekuntzari, 20.000 lanpostu garbi baino gehiagorekin. Orotara, enplegu tasa %2,4 handitu zen; batez beste, 965.000 pertsona okupatu egon ziren. Horrenbestez, okupazio tasa EAEn %67,2koa da, eta, Zenarrutzabeitiaren aburuz, Lisboako helburuak betetzeko moduan dago, %70eko okupazioa 2010. urterako.
Jaurlaritzaren datuen arabera, enpleguaren kalitatea hobetzeko pausoak ere eman ziren, aldi baterako 30.000 langilek kontratu mugagabea izatera pasa zirelako.
Enpleguaren hazkundea, gainera, ez zuen produktibitatea kaltetu. «Pertsona gutxiagorekin gai izaten ari gara prozesu produktiboen eraginkortasuna handitzeko», azpimarratu zuen Zenarrutzabeitiak. Produktibitatea, batez beste, %1,5 hazi zen 2007an. Industrian are handiagoa izan zen hazkundea: %3,5.
«Hazkundeak ekonomiaren irmotasuna erakutsiko luke. Egitura ekonomiko sendoa eta osasuntsua dugu»
idoia zenarrutzabeitia
Eusko jaurlaritzako lehendakariordea
ZenBaKIa
18.000
Enplegua. Aurten ekonomia gutxiago igoko den arren, 18.000 eta 20.000 enplegu bitartean sortu dira 2008an, Jaurlaritzaren arabera.Industria. 2006an enplegua galdu ondotik, 1.700 lanpostu garbi irabazi zituen 2007an.