euskal presoak

Jaurlaritzak 500.000 euro bideratuko ditu udalerrietara presoen ikurrak kentzeko

Presoen argazkiak erretiratzeko lana udalerriena izango da eta, zailtasunen bat badute, Ertzaintzak esku hartuko du, Ares Herrizaingo sailburuaren arabera. Bildarratz Eudeleko presidenteak eta biek izenpetu dute gaur akordioa.

2009ko irailaren 30a
14:08
Entzun
Eusko Jaurlaritzak euskal presoen eskubideen aldeko "ikur guztiak kentzeko" 500.000 euroko laguntza emango die Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriei. Hala jakinarazi dute gaur Jokin Bildarratz (EAJ) Eudel EAEko udalen elkarteko presidenteak eta Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak. Akordioa izenpetu dute, Bilbon, eta asteartean onartuko du diru laguntza Jaurlaritzak. Alde biek"terrorismoa ez goratzeko" helburua "azkarrago" lortzea nahi dute.

Bildarratzek nabarmendu du Jaurlaritzarekin hitzartutako akordioaren oinarriak "koordinazioa, iraunkortasuna eta diskrezioa" izango direla. Presoen argazkiak erretiratzeko lana udalerriena izango dela zehaztu dute baina, zailtasunen bat badute, Ertzaintzak esku hartuko du, Aresen arabera.

Uda osoan Ertzaintza festaz festa euskal presoen argazkiak kentzen ibili ostean, gai horren inguruko akordioa nahi zuen Aresen sailak Eudelekin, eta horretaz hitz egin zuten abuztuaren 27ko bileran. Akordiora iritsi zirela esan zuten bi aldeek, baina ez zuten akordio hori publiko egin.

"Terrorismoa goratzen" duten kartel eta pintaketak kentzearekin ados dagoela esan izan du udan EAJk, baina Herrizaingo Sailak lan horretan erabili dituen formak salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.