Euskararen erabilera helburu nagusitzat hartuta, aurten emango dituen diru laguntzak aurkeztu zituen atzo Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak. Guztira, euskara sustatzeko 12.965.000 euro banatuko ditu, iaz baino 440.000 euro gehiago. 2005ean legegintzaldia hasi zenetik, diru laguntzak %60 handitu dituztela nabarmendu zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, bere lan taldeak lagunduta deialdiaren berri ematearekin batera.
Laguntzak «behar-beharrezkoak» direla eta horien bidez gizarte eragileei baliabideak eman nahi dizkietela esan zuen Baztarrikak, «beren lana ahalik eta modu eraginkorrenean egin dezaten». Izan ere, haren ustez, «herri aginteen esku adina edo gehiago, herritarren esku dago» euskararen erabilera areagotzea. Bost multzotan banatu dituzte diru laguntzak:
Hedabideak
Guztira 5.575.000 euro banatuko ditu Hizkuntza Politikarako sailburuordetzak euskal hedabideen artean, iazko diru kopuru bera, alegia. 105 hedabide lagunduko dituzte diruz, eta 58 enpresa eta elkartek jasoko dute diru laguntza. Eguneroko prentsak jasoko du hedabideen artean banatuko diren diru laguntzen zatirik handiena: 2.003.479 euro, alegia. BERRIA egunkariaren, eskualdetako zazpi Hitza egunkarien eta Hernaniko Kronika-ren artean banatuko da diru hori. BERRIAk 1.616.699 euro jasoko ditu, iaz baino 6.703 euro gehiago; Hitza egunkariek 353.604 euro, iaz jasotakoa baino 3.376 euro gutxiago; eta Hernaniko Kronikak, berriz, 36.176 euro jasoko ditu.
Aldizkarien artean, berriz, bai informazio orokorra lantzen dutenen bai espezializatuen artean, 1.249.036 euro banatuko dira laguntzetan. Iaz 1.149.044 euro jaso zituzten aldizkariek. 19 aldizkari daude arlo horretan laguntzak jasoko dituztenen artean. Tokiko 34 aldizkariek, berriz, 760.543 euro jasoko dituzte aurten -iaz 749.619 euro eman ziren arlo horretan-.
Euskara hutsezko gehigarriak argitaratzen dituzten erdal hedabideek, berriz, 420.506 euro jasoko dituzte, zehazki, iaz baino 20.002 euro gehiago. Lau proiekturen artean banatuko da diru hori. Bederatzi telebistak, berriz, 575.000 euro jasoko dituzte; iaz 574.027 euro banatu ziren zazpi telebistaren artean. Irratiei dagokienez, 315.232 euro jasoko dituzte bost irratik -iaz baino 33.794 euro gehiago-. Eta, azkenik, euskarri digitalak baliatzen dituzten 25 hedabideren artean 197.071 euro banatuko dira aurten; iaz 197.543 euro jaso zituzten 22 hedabide digitalek.
Horrez gain, 540.000 euro banatuko dira euskarazko hedabideen sustapenerako beste zenbait ekimenetan, besteak beste Ukan berrikuntza eta publizitate sarietan.
Euskalgintza
Aisialdian euskara areagotzeko, euskararen ondareari buruzko informazioa bildu eta hedatzeko, euskarari lotutakoak aztertzeko jardunaldietarako, euskarazko irakurzaletasuna sustatzeko, edo etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmoetarako, besteak beste, 1.300.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak euskalgintzako 84 elkarteren artean -iaz baino 50.000 euro gehiago-. Orotara 188 egitasmo lagunduko dituzte diruz. Horiez gain, besteren artean, Euskaltzaindia, Unesco Etxea, Eudel edo Labayru bezalako eragileekin Jaurlaritzak dituen hitzarmenen bidez, 2.690.000 euro banatuko dira. Deialditik at daude ere HABEren bidez helduen euskalduntzea laguntzeko beste 32.720.000 euro.Lapurdi, Nafarroa Beherea nahiz Zuberoan euskara sustatzeko, berriz, 450.000 euro banatuko ditu, Euskararen Erakunde Publikoarekin duen hitzarmenaren bidez.
Lan mundua
Lan munduan euskararen erabilera sustatzeko Jaurlaritzak iaz LanHitz ekimena eta Bikain ziurtagiria martxan jarri zituela gogorarazi zuen Baztarrikak. Lehen euskara plana diseinatzeko, edo dagoeneko badutenek aurten garatzeko, Jaurlaritzak 2.690.000 euro banatuko ditu 157 enpresaren artean -100 enpresa Gipuzkoan daude; 49 Bizkaian; eta beste 8 Araban-. Oraingoz, iaz baino 57 enpresa gehiagok jasoko dituzte laguntzak, eta gehiago izatea espero dute, lehen euskara planaren diseinurako eskabideak aurkezteko epea urrira arte zabalik utzi baitute. Euskara plan horiek 40.610 langileri eragingo diete.
Euskara planak udaletan
Udaletan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak (EBPN) garatzeko 1.700.000 euro banatuko ditu aurten Jaurlaritzak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 110 udal eta toki erakundetan. Bizkaian 52 instituziok jasoko dute euskara plana garatzeko laguntza; Gipuzkoan 49k; eta Araban 9k. EBPN 138 udalerritan dago martxan uneotan; udalerriotan 1.607.244 biztanle bizi dira. Urte amaierarako 155 udalerritara zabaltzea espero dute.
Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak
1.700.000 euro banatuko dira aurten Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak deritzon alorrean -iaz baino 350.000 euro gehiago-. Euskarazko atariak eta webguneak, euskarazko edukiak egitea, komunitate birtualak sustatzea, hizkuntzaren teknologietan euskara integratzea, softwarea euskaraz sortzea edo euskaraz lokalizatzea, eta aisialdirako edukiak sortzea dira, besteak beste, arlo honetan diruz lagunduko diren ekimenak. Orotara 123 egitasmo eta 85 elkarte eta enpresa diruz lagunduko dira.
Jaurlaritzak 5.575.000 euro banatuko dizkie hedabideei, iazko kopuru bera
Euskararen erabilera sustatzen ari diren gizarte eragileen artean, 1,3 milioi euro banatuko dituela jakinarazi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu