Administrazio-izapideak bukatu, eta zuinketa akta egin ondoren Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilan Sailak «formalki» abiatutzat jo ditu Gipuzkoako abiadura handiko trenaren (AHT) lanak. Hala, Ordizia--Itsasondo arteko zatia egiteko enpresa hautatuek duten 31 hilabeteko epea hasia da dagoeneko.
Prentsa ohar baten bidez eman zuenGarraio eta Herrilan Sailak lanen hasieraren berri. AHT Gelditu! Elkarlanak, ordea, ukatu egin zuen lanak hasi direla, eta «gezurretan aritzea» leporatu zion Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, AHT Gelditu!-ren esanetan, «hasi duten bakarra tramitazio formala» da. Horri ezin zaio esan obren hasiera, AHT Gelditu!-ren arabera.
Atzo ez makinarik ez langilerik ez zen sumatzen obrak hasi nahi dituzten gunean. AHT Gelditu! Elkarlanak jakinarazi zuen «tramite legal asko» geratzen direla oraindik lanak egiten hasi baino lehen, besteak beste, desjabetzeen inguruko informazio publikoaren epea bukatazea, egon daitezkeen helegiteak aztertu eta erantzutea, aktak altxatzea... «Beraz, gogor salatu nahi dugu Eusko Jaurlaritzak herritarrak nahasteko erabiltzen ari denpolitika gezurtia».
Itsasondo eta Ordizia arteko AHT zatiak 2,8 kilometro ditu, eta ia osorik tunel baten bidez egingo da. Lau herri ukitzen ditu zati horrek: Beasain, Ordizia, Itsasondo eta Legorreta. Itsasondoko Udalak (EAE-ANV) atzo adierazi zuen ez zekiela ezer, ez zuela inolako jakinarazpenik jaso. Aldi berean, azpiegitura horren inguruko «informazio gabezia» salatu zuen udal horrek.
Ordiziako alkate Jose Miguel Santamariak (EAJ) Goierriko Hitza-ri adierazi zion datorren astean emango dituztela azalpenak Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Ordizian bertan lanen egoeraren gainean. Ildo horretan, Santamariak esan zuen «laupabost» aste barru hasiko direla makinak lanean zati honetan.
Ordizia eta Itsasondo arteko lanak egiteko aurrekontua 60.290.000 eurokoa da, eta lanak Construcciones Olabarri, Guihor Estructuras de Hormigon eta Construcciones Donosti enpresek egin behar dituzte. 2,8 kilometroko tunela egiteko 250.000 metro kubo haitz aterako dituzte mendi barrutik. Bidenabar, tunelari eusteko, 100.000 metro kubo porlan erabiliko dute, 850 tona altzairu zuntz, 200 kilometro altzairu buloi eta 1.100 tona altzairu koadro metalikoetan. Sareak tarte horretan izango duen gehieneko aldapa %12,9koa izango da.
Atzo bidalitako prentsa oharrean Eusko Jaurlaritzak adierazi zuen Lurranek bulegoari esker, lurra desjabetzeko prezesuetan «ia jabe guztiekin» lortu duela adostasuna. AHT Gelditu!-ko kide eta Ordiziako udaleko legez kanporatutako zinegotzi Jone Etxeberriak salatu du lurjabeak «engainu eta mehatxu» bidez ari direla sinatzera behartzen. «Gezurretan ari dira, eta jabeak ez dituzte ondo informatzen ari. Zundaketak egin dituzte, gehienak, jabeei dirurik ordaindu gabe. Jabeek ez zekiten -ez zietelako esan- euren eskubidea zela kobratzea zundaketengatik. Jabeak babesik gabe daude, batez ere EAJk gobernatzen dituen udaletan».
Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Sustapen Ministerioaren artean lortutako akordioaren arabera, Gipuzkoako AHTren lanen zati handiena (Deba-Goienekoa salbu) Eusko Jaurlaritzak eraikiko du. Gainerako guztia -Araba eta Bizkaiko zatiak- Sustapen Ministerioak eraikiko ditu. Obrak 2006ko udazkenean hasi ziren Urbinan, eta geroztik soilik Araban aurreratu dituzte.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak duela aste batzuk esan zuten martxoan abiatuko zituztela lanak, bai Gipuzkoan eta baita Bizkaian ere. Jaurlaritzak garrantzitsutzat jo du Gipuzkoan Euskal Y-aren lanak hastea, sare berria eraikitzeko urrats gisa.
Jaurlaritzak abiatutzat jo ditu AHTren Gipuzkoako lanak
Formalki lanak egiteko epea hasi bada ere, makinak oraindik ez dira hasi lanean Ordizia-Itsasondo zatian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu