Jaurlaritzak AHT egiteko akordioa sinatu du Madrilen

Abenduan PSOEk eta EAJk lortu zuten akordioa du oinarri Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatu duten hitzarmenak; 4.178 milioi euroko kostua izango du

Agurtzane Solaberrieta Mesa.
2006ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abiadura handiko trena (AHT) «elkarlanean» egiteko hitzarmena sinatu zuten atzo ofizialki, Espainiako Sustapen Ministerioak Madrilen duen egoitzan. Hitzarmenaren oinarrian iazko abenduan EAJk eta PSOEk lortutako akordioa dago. Horren arabera, Jaurlaritzak Gipuzkoako ia ibilbide osoaren obrak egingo ditu; Espainiako Sustapen Ministerioak, berriz, Araba eta Bizkaiko zatiak. Euskal Y-aren kostu osoa 4.178 milioi eurokoa izango da; horietatik 1.642 milioi euro Gipuzkoako zatia egiteko bideratuko dira. Jaurlaritzak dirutza hori aurreratuko du, eta gero kopuru hori Espainiari ordaintzen dion Kupotik kenduko du. 2010. urtean AHT martxan egoteko «konpromisoa» hartu dute bi aldeek. Trena bidarientzako eta merkantziak garraiatzeko balioko du.

Pedro Solbes Espainiako Ekonomia eta Ogasun ministroak, Magdalena Alvarez Sustapen ministroak, Antonio Gonzalez Adif elkarteko lehendakariak, Idoia Zenarrutzabeitia Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Nuria Lopez de Gereñu Jaurlaritzako Garraio sailburuak izenpetu dute hitzarmena. Nuria Lopez de Gereñuk «pozik» hitz egin zuen izenpetzearen ostean: «Orain gure herria garatzeko ezinbestekoa den azpiegitura eraikitzeko aukera dugu». Haren esanetan, ez da azpiegitura egokia den ala ez eztabaidatzen hasteko garaia; «euskal gizarteak eta erakundeek dagoeneko gainditu dute fase hori». «Proiektua gauzatzeko fasean gaude, eta serio eta zorrotz egingo dugu». Zehaztu zuenez, Gasteiz, Bilbo eta Donostia arteko bidea ordu erdi inguruan egingo da.

Hona hemen hitzarmenak jasotzen dituen atal nagusiak:

- Proiektua: Espainiako Sustapen Ministerioa arduratuko da, Adifen bitartez (Espainiako trenbide azpiegituraren kudeatzailea), Euskal Y-aren Gasteiz eta Bilbo arteko zatia eta Arrasate-Elorrio-Bergara lotunea eraikitzeko proiektuak idazteaz eta gauzatzeaz. Horretaz gainera, abiadura handiko trena Gasteiz eta Bilbora sartzeko lanak beregain hartu ditu. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako ia ibilbide osoa egingo du. Bergaran 9. kilometroan hasiko ditu lanak eta Irunen bukatuko ditu, Donostian sartzeko zatia barne. Irungo zatia egitea, ordea, Espainiako Sustapen Ministerioren ardura izango da, nazioarteko konexioaren zati delako. Euskal Y-a egiteko beharrezkoak diren bestelako egiturak Sustapen Ministerioaren ardurapekoak izango dira, hala nola burdinbideak, elektrizitatea, seinaleak eta segurtasun eta telekomunikazio sistemen instalazioak.

- Aurrekontua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan abiadura handiko trena egiteak 4.178 milioi euroko kostua izango du. Espainiako Sustapen Ministerioak egin beharreko lan guztien aurrekontua 2.536 milioi eurokoa da: Arabako zatian 932 milioi euro gastatzea aurreikusi dute; Bizkaikoan 1.231 milioi euro, eta Gipuzkoako zatia egiteko 373 milioi euro jarriko ditu. Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan egin behar dituen lanen kostua 1.642 milioi eurokoa da.

- Finantzaketa: Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoan egin behar dituen lanei dagokien kostua aurreratuko badu ere, gero Espainiako Administrazioari eman beharreko Kupotik kenduko du, «betiere kasu bakoitzeko obra ziurtagiriak aurkeztu eta gero».

- Jabetza kentzea: EAEk trenbide azpiegitura berria egiteko behar diren lurrak eskuratu ahal izateko desjabetze espedienteak kudeatzen lagunduko du. Eusko Jaurlaritzak desjabetze prozesua kudeatzeko bulego bat irekitzeko gastuak ordainduko ditu: 43 milioi euro (Gipuzkoako aurrekontu osoaren barruan aurreikusita dago). Dena den, hitzarmenean zehazten denez, Estatuko Administrazio Orokorra izango da administrazio desjabetzailea.

- Ingurumena: Euskal Y-aren egitasmoan 28 zati bereizi dira. Zati bakoitza eraikitzeko proiektuak ingurumen inpaktuaren deklarazioa eta informazio-azterlana izan beharko ditu ezinbestean. Horretaz gainera, ingurumenaren gaineko eranskin bat eta paisaiari buruzko jarraibide bat jaso beharko ditu.

- Jarraipen batzordea: Hitzarmena betetzeko, lanak bultzatzeko eta sor daitezkeen zalantzak ebazteko, Jarraipen eta Koordinazio Batzordea sortuko da. Espainiako Administrazio Orokorraren lau ordezkarik (hiru Sustapen Ministerioak izendatuko ditu eta bestea Ogasun Ministerioak) eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Administrazioaren beste lau ordezkarik osatuko dute. Sustapen Ministerioaren ordezkarietako bat izango da batzordeburu.

- Lanen esleipenak: Urtea amaitu aurretik Gasteiz eta Bilbao arteko beste zati batzuk esleituko dituzte. Hilaren hasieran eman zituen lehen bost kilometroak: Arratzi-Ubarrundiatik Legutianorako zatia. Horrez gain, PPren garaian Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzak esleitutako lanen kontra jarritako helegiteak kenduko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.